Borrar
Urgente El Gobierno central ampliará el aeropuerto de Bilbao
Unai Rementeria, Bizkaiko ahaldun nagusiak aurkeztu du bulego berria.
Aldundiak 150 zerbitzu baino gehiago eskainiko ditu Durangoko bulego berrian

Aldundiak 150 zerbitzu baino gehiago eskainiko ditu Durangoko bulego berrian

Eskualdean bizi diren 75.000 pertsonei emango die zerbitzua, foru erakundearekin egin beharreko izapideak bertan egin ditzaten, Bilbora joan beharrik gabe

PPLL

Miércoles, 18 de enero 2017, 23:54

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Bizkaiko Foru Aldundiak herritarrei arreta integrala emateko lehen eskualdeko bulegoa ireki du Durangon. Bulegoak 150 izapide baino gehiago egiteko aukera eskainiko du, eta Durangaldean bizi diren 75.000 pertsonei emango die zerbitzua, foru erakundearekin egin beharreko izapideak eskualdean bertan egin ditzaten, Bilbora joan beharrik gabe.

Unai Rementeria ahaldun nagusiak bulego berria bisitatu du Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuarekin eta Aitziber Irigoras Durangoko alkatearekin batera.

Herritarrei arreta emateko eredu honek «aldaketa handia» dakarrela azpimarratu du Rementeriak. «Bizkaiko Foru Aldundia herritarrengana hurbildu nahi dugu. Horregatik, legegintzaldi honetan hartu dugun konpromisoetako bat eskualdeetan arreta integrala emateko bulegoak sortzea zen, hurbiltasuna bermatzeko, lurralde osoan garapen orekatua bultzatzeko, eta sail estankoen eredua gainditzeko. Eskualde bulegoek arreta, informazio eta izapidetze zerbitzu integrala eskaintzea gura dugu», azaldu du.

Helburua da «herritarrek ez dezatela Bilbora joan behar izan izapide bat egiteko, ezta leihatilaz leihatila ibili behar izan ere». Horrez gain, herritarren arretarako eskualdeko bulegoen bidez, dagokien eskualdeko bizilagunek ez ezik, edozein pertsonak egin ahalko ditu izapideak, bizilekua non daukan gorabehera. «Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak eskualdeetan dauzkan bulegoak dira», gaineratu du.

Herritarrei arreta integrala emateko eskualdeko bulegoak «funtsezko pieza» dira foru erakundeak bizkaitarrei eskaini nahi dien arreta ereduan: «sarrera bakarreko» eredua da, eta foru erakundearekin edozein pertsonak izapidetu behar dituen kudeaketa guztiak egiteko balio du. Orain arteko eskema, beraz, zerbitzuak sailaren edo zerbitzuaren arabera sailkatzen dituena, bertan behera utziko da.

Ogasunaren bulegoan

Hain zuzen ere, orrain arte Foru Ogasunaren bulegoa izan den lekuan dago bulego berria, Durangoko Askatasun etorbideko 12an, eta eredu berriaren arabera funtzionatzen ari da azaroaren erdialdetik aurrera. Bertan 15 lagun ari dira lanean: sei agente integralek arreta orokorra ematen dute izapide erraz eta masiboetarako, eta bederatzi agente espezializatuk eragiketa konplexuak egiten dituzte.

Lehen Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan egiten ziren zerga kudeaketak eta nekazaritzako izapideak egiteaz gain, Durangoko bulegoak 150 zerbitzu baino gehiago eskainiko dizkie herritarrei. Haietako batzuk lehen aldiz emango dira instalazio hauetan, esate baterako, Bizkaiko Aldundiaren zerbitzuei buruzko informazio orokorra, erakundeari eta beste administrazio publiko batzuei zuzentzen zaizkien idazkien erregistroa, jakinarazpenak ematea, Aldundiaren hautaketa prozesuetan izena ematea, Aldundiak kudeatzen dituen gizarte prestazioak kobratzeari edo ez kobratzeari buruzko ziurtagiriak ematea, familia ugariaren titulua, sinadura elektroniko aurreratuko ziurtagiriak, eta garraiolarien takografo digitaleko txartelak. Gainera, kexak eta iradokizunak aurkeztu ahal dira.

Pilotajea probatu ahala areagotuko dira zerbitzuak. Hain zuzen ere, bulegoa funtzionatzen jarri zenetik hartu diren kontsulten kopururik handiena (%21), orain arte Durangon eskaintzen ez ziren zerbitzuei buruzkoa izan da; gero Errentaren gaineko Zergari buruzko kontsultak (%18), Katastroari buruzkoak (%16), nekazaritzako izapideak (%15) eta zergei buruzko beste izapide batzuk (%15) daude. Funtzionatzen hasi zenetik, Durangoko bulegoak 4.500 pertsona baino gehiago hartu ditu, eta abenduan soilik 2.607 izan dira.

Itxaronaldiak ekiditeko, aurretiaz hitzordua hartzeko sistema bat martxan jarri da, telefonoz edo Internetez: 94 406 80 00 edo www.bizkaia.eus/citaprevia. Durangokoa da martxan jarri den lehenengo eskualdeko bulegoa, baina Bizkaiko Foru Aldundiak beste bulego pilotu bat irekitzeko asmoa dauka Busturialdean 2017an zehar.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios