El Correo

Gripearen jarduera 100.000 biztanleko ia 223 kasuko tasara heldu zen 2016ko azken astean

  • Ospitaleratutako kasuen %83k gripe konplikazioak izateko arrisku faktoreak zituzten edo 64 urtetik gorako adin taldeetakoak ziren

Gripearen jarduerak gorako joera dauka Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta 100.000 biztanleko 222,9 kasuko tasara heldu zen 2016. urteko azken astean. Joera hori zenbait astetan jarraian gertatzen da gripearen jarduera behin hasita.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko eta Osakidetzako Gripearen Zaintzaren Txostenaren arabera, adin talde kaltetuenak 0-4 urtekoa da, 100.000 biztanleko 1.262 kasuko tasarekin, eta ondoren 5-14 urtekoa, 990 kasuko tasarekin.

Sasoiaren hasieratik, gripe egiaztatuz ospitaleratutako pertsonen 18 kasu larri erregistratu ziren; batez beste 66 urteko adinekoak dira, eta %55,6 emakumeak. Bost pertsonek Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) ospitaleratzea behar izan zuten, eta horietako bat, hainbat osasun arazo kroniko eta arrisku faktore tarteko, hil egin zen. Ospitaleratutako kasuen %83k gripe konplikazioak izateko arrisku faktoreak zituzten edo 64 urtetik gorako adin taldeetakoak ziren.

Osakidetzako Lehen Mailako Arretako sarean gripe sindromeari lotuta izandako kontsultei dagokienez, 3.650 egin dira. Lurraldeen arabera, tasa handiena Araban erregistratu zen, 100.000 biztanleko 264,7 kasurekin, eta gero datoz Bizkaia, 130,8 kasurekin, eta Gipuzkoa, 182,5 kasurekin. Halaber, laborategira bidalitako lagin guztietatik, analisi mikrobiologikoek %80,4an egiaztatu dute gripearen birusa, eta denetan isolatu da AH3 motako birusa.

Osasun Sailak arrisku taldeetako pertsona guztiei urtero txertatzearen garrantzia gogorarazi die; izan ere, gripea gaixotasun gogaikarria da, baina onbera biztanleria osasuntsuan, nahiz eta konplikazio larriak ekar ditzakeen, baita heriotza arrisku faktoreak dituztenentzat ere. Aurten, bi hilabeteko iraupenez aurreikusitako kanpaina joan den abenduaren 31ra arte luzatu da, Euskadiko gripe jarduera adierazgarria ikusirik, eta txertoa pertsona kopuru handiagoari errazteko.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate