El Correo

Ur patzuergoak Aste Santua baino lehen amaituko du Enkarterriko hornidura sendotzeko lanen lehenengo fasea

  • 'La Galdamesa' burdinbide berdea, hainbat tartetan egindako lanengatik eraginak jasan dituena, guztiz zaharberrituta eta txirrindulari zein oinezkoentzako zabalik egongo da apirilaren 12an

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Enkarterriko mendebaldean dauden udalerrietan (Sopuerta eta Galdamesen eta, aurrerago, Artzentales eta Turtziozen) hornidura sendotzeko proiektuaren lehenengo fasea abiarazi zuen orain dela ia bi urte. Lanak egiteko 12 milioi euro inguruko inbertsioa egin behar izan da, hala, Zadorraren sistematik hornidura-berme bikoitza ahalbidetzeko. Lanen egikaritzeak 'La Galdamesa' burdinbide berdean mozketak eta mugatzeak eragin ditu. Apirilean amaituko dira lanak; horrenbestez, oinezkoentzako bidea erabat irekita egongo da Aste Santurako.

Gaur egun, tarte nagusietako bat itxita egoten jarraitzen du, hain zuzen ere Santelices (Muskiz) eta La Aceña industrialdea (Galdames) lotzen dituen 7 kilometro inguruko tartea. Jatorrizko proiektua lau hilabetez luzatuko da hasieran aurreikusitako epearekin alderatuta. Izan ere, Ur Partzuergoak lan hauek aprobetxatu ditu Sopuerta eta Galdamesko saneamenduan hobekuntzak egiteko. Bestalde, lanak garatzen ari ziren bitartean garai hartako planoan ageri ez zen bigarren hodi bat aurkitu dute. Hodi hori kentzeko lanek obraren kronograma luzatu beharra eragin dute.

Gainera, Ur Partzuergoak aurreikusitako azpiegitura berriak beste elementu osagarri batzuk ere baditu; hala nola, 800 milimetroko diametroko eta zazpi kilometroko lurpeko hodia Las Carreras (Abanto-Zierbena) eta La Aceñako (Galdames) biltegien artean, bigarren mailako bi hornidura-adarrekin bat egingo duena Jarralta (Sopuerta) eta La Escarpadako (Galdames) biltegietaraino.

Hoditeriaren tarte nagusia lehengo 'La Galdamesa' burdinbidearen lubakitik joango da ia osorik, ingurumen-eragina txikiagoa izan dadin. Aztertutako hiru irtenbideen artean, Ur Partzuergoak hori aukeratu du; izan ere, alternatiba horrek minimizatu egiten ditu Barbadun ibaiari lotutako espazio naturalen eta lehentasunezko habitaten gaineko eraginak, inguruaren balio historikoa ahaztu gabe; izan ere, bertan, Bizkaiko antzinako meatzaritza-jardueraren hondarrak daude oraindik.

Informazio-kartelak

Hornidura azpiegitura berri honen lanek 'Burdinmendi / Itsaslur' izeneko burdinbide berdean hainbat murriztapen egin behar izatea ekarri dute azken hilabeteotan; Sopuerta, Galdames, Muskiz eta Abanto-Zierbena udalerrietako hainbat tokitan, aldi baterako eraginak izan dira. Apirilaren 12rako bidea guztiz zaharberrituta eta zabalik egotea aurreikusi da.

Ur Partzuergoak informazio-kartelak jarri ditu ibilbideko hainbat puntutan, eragindako udalerri guztietan, eta informazioa gaurkotzen joango da. Erakundearen webgunearen (www.consorciodeaguas.com) barruan, microsite bat sortu da, erabiltzaileek eta auzokoek lanen unean-uneko egoeraren eta epe ertainera aurreikusitako eraginen berri izan dezaten. Bezeroaren arretarako telefono bat (94 487 31 87) ere badago, edozeinen eskura, eta udaletxeetan ere proiektuaren inguruko informazioa jaso ahal izango da.

Gaur egun, Enkarterriko udalerriak arduratzen dira eskualdeko hornikuntzaz; izan ere, udalerri bakoitzak zenbait iturburu eta edateko uren tratamendutegi txikiak kudeatzen ditu. Egoera horrek oztopo ugari sortzen ditu kalitatezko eta bermedun hornikuntza-zerbitzua emateari dagokionez; eta bi alderdi horiek lehentasunezkoak dira Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa osatzen duten udalerri guztietan.

Ur Partzuergoak proiektatu dituen jarduketek helburu bikoitza erdiestea ahalbidetuko dute. Alde batetik, udalerrietan kalitatezko hornikuntza ematea bermatuko dute, batez ere Sopuertan, Galdamesen, Artzentalesen, Turtziozen eta Zallan. Eta, bestetik, ohiz kanpoko egoeretan hornikuntza bermatuko dute, funtzionamendua kontrako noranzkoan jarriz, hau da, Enkarterritik Ezkerralderantz.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate