Iaz ukatu ziena eman zien atzo eguraldiak Iparraldeko ikastolei: eguzkia, eta ez nolanahikoa. Euskal Herri osotik Senpereko lakura inguratutako milaka lagunek, berriz, azken hilabeteetan etengabe eskatu dutena eskaini zieten: sostengua, elkartasuna eta laguntza. Hartara, eta balantzea egiteko goizegi zela aitortuz, zirkuitua itxi berritan «oso pozik» zeudela zioen Paxkal Indo Seaskako lehendakariak, horrenbesteko jendetza biltzen denean ezinbestekoak diren gorabeherak alde batera utzita, dena ondo atera zelako, «espero eta nahi genuen bezala».
2010eko Herri Urrats zapuztuak animoan eta kontuetan izan zuen eragina; azken urteetan moteltzen hasia zen Hegoaldeko euskaldunen esku-hartzea sustatu eta berreskuratu nahia; une honetan Seaskak bizi duen egoera konplikatua... Hainbat faktoreren eraginez, berezia da aurtengo Herri Urrats Seaskarentzat, eta berezia izan da Iparraldeko ikastolek egin duten deialdia. Eta, parte-hartzaileen eta jasotako diruaren kopuruari buruzko zenbakiek inpresioak baieztatu edo ezeztatuko dituzten arren, badirudi erantzuna ere eskaeraren neurrikoa izan dela.
Iragarritako bero saparen beldur edo, eskarmentuaren eskarmentuz, auto-ilarak eta aparkatzeko arazoak ekidin nahirik, parte-hartzaile asko oso goiz inguratu ziren zirkuitura. Goizeko 10etan ibilbidea ofizialki zabaldu zenerako jende ugari zebilen lakuaren bueltan. Eta, peto laranjak jantzirik, izerdi-patsetan zeuden ordurako autoak, autobusak eta oinezkoak gobernatzen saiatzen ziren boluntarioak, -1.800 guztira- eta ez bakarrik eguna gogorra zetorrela abistatzen oso goiz hasi zen eguzkiaren eraginez.
«Laku bat munduan amets egiteko, mundu bat lakuan itsaso izateko», idatzi zuen Sustrai Colinak Berritxarrak taldeak kantatu duen Herri Urrats 2011.aren abestirako. Kontuek esango dute ea bete diren Seaskaren ametsak, baina ez da kalkulu handirik egin behar lakuaren inguruan mundu bat bildu zela esateko. Bat baino, seguruenik, zeren eta eguerdi partean, esaterako, mundu bat baitzegoen lakuan eta beste bat lakura heldu nahi eta ezin, auto-ilara luzean geldirik edo motel-motel mugituz.
Senpereko herrigunean kokatutako aparkalekuak eta lakua lotzen zituzten autobusak erabiltzeko osatzen joan ziren ilarak ere hobeak ziren ikusteko bertan egoteko baino... Bazkalondorako arinduak omen ziren, dena den, mota bateko eta besteko ilarak, honelakoetan ohikoak ez ezik arrakastaren neurgailu ere badirenak.
Zirkuituan barrena egokitutako guneetako ikuskizunak eta zerbitzuak ere ohikoak ziren: ikusteko, entzuteko, erosteko, jateko eta edateko ugari nonahi eta giro bikaina nagusi. Berezitasun txiki bat bazen, aurten Herri Urratsek gonbidatu bereziak zituelako, bretoiak. Irekiera ekitaldi ofizialean Diwan eskoletako bi ordezkari mintzatu ziren Frantziako 'beste' hizkuntzen arteko lankidetzaz eta bretoierazko irakaskuntzaz. Egunean zehar, haien musika nahastu zen Euskal Herrikoarekin, Hegoaldeko eta Iparraldeko heldu, gazte eta gaztetxoak nahastu ziren bezala. Eta denen artean lortu zuten, itxuraz, iazko hodei beltzak erabat uxatzea eta Xalbador Kolegioaren zaharberritzea bizkortzea.