El Correo

Adikzioen Euskal Kontseilua eratu da

Ludopatia bezalako adikzioak landuko ditu kontseiluak.
Ludopatia bezalako adikzioak landuko ditu kontseiluak.
  • Erakunde hori izango da adikzioen kontrako borrokan inplikatutako gizarte sektoreen partaidetzarako organo gorena

Adikzioen Euskal Kontseilua eratzeko bilkura egin zen aurreko astean Gasteizen, Jon Darpon Jaurlaritzako Osasun sailburua buru zela. Aurrerantzean, erakunde hori izango da adikzioen kontrako borrokan inplikatutako gizarte sektoreen partaidetzarako organo gorena. Guztira, arlo horietako 63 ordezkarik parte hartuko dute.

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, bizi balio, ohitura eta estilo osasungarriak sustatzea, prebentzioa, arriskuak murriztea eta adikzioak dituzten pertsonei arreta ematea dira duela hiru hamarkada baino gehiago Euskadiko administrazioen ekintzarako finkatutako lan ildoa.

Apirilaren 7ko 1/2016 Lege berria onartu zen iaz, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzkoa. Eusko Legebiltzarrak ia aho batez babestu zuen «eta mugarri bat izan zen». Hain zuzen, arau horren babespean, Jaurlartzak, diputazioek eta udalek osatutako Adikzioen Erakunde Arteko Batzordea sortu zen apirilean, eta, horren ondoren, pasadan astean Adikzioen Euskal Kontseilua eratu zen.

Era horretan, lege horretan aurreikusitako plangintza eta koordinazio eta partaidetzarako organo guztien eraketa prozesua bukatu da. Darponek nabarmendu zuenez, koordinazioa eta partaidetza «ezinbestekoak» dira «bizi ohitura osasungarriagoak dituen Euskadi batera elkarrekin eta eraginkortasunez heltzeko, Euskadiko gizarte osoaren inplikazioari esker».

Alde horretatik, Adikzioen Euskal Kontseilua «organo erabakigarria» da, bertan parte hartzen baitute arlo askotako 63 pertsonak, besteak beste, prebentzioaren eta asistentziaren arlokoak, droga kontsumitzaileen eta ludopatiek eta jokabidearen adikzioek jotako pertsonen elkarteetakoak, gaiari buruzko pertsona adituak, gizarte komunikazioko ordezkariak eta erakunde publikoak.

Oraingo plana ordezkatuko du

Lehendabiziko bilkuran, Adikzioen Euskal Kontseilua testu bat ezagutu eta baloratu zuen eta, azken eraldaketak eta ekarpenak behin sartuta, testu hori Euskadiko VII. Adikzioen Plana bihurtuko da, egun indarrean dagoena ordezkatuz.

Behin onartuta, plan berria izango da Euskadin adikzioen arloan egiten diren plangintza, antolamendu eta koordinaziorako bitartekoa. Oso zeharkako gaia da, bertan bat egiten baitute osasunak eta beste arlo batzuek ere, adibidez, hezkuntzak, kulturak, gazteriak eta kirolak, baita gizarte inklusioak, politika komunitarioak, laneko osasunak, etxebizitzak, ingurumenak, segurtasunak, justizia administrazioak, espetxe erakundeek, publizitateak eta hedabideek ere.

Gainera, Adikzioen Euskal Kontseiluaren lehenengo bilkuran beste alderdi batzuk landu ziren, esaterako, euskal legea indarrean sartu eta urtebetera egindako balantzea edo hura arautzeak nolako garapena izan duen.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate