El Correo

Euskararen lekuko eta auspoa

Euskararen lekuko eta auspoa
/ AEK/ KORRIKA
  • Euskal Herriaren hegoaldeko muturretik iparralderako bidea egiten ari da larunbat honetan Korrika, Nafarroan igaro dituen emozioz beteriko bi egunak burutuz

'Korrika, euskararen auspoa', idatzi zuen 1991 urtean Euskaldunon Egunkarian Jose Antonio Arana Martija zenak. Gaur egun, Euskaltzaindiaren arauei eta hiztegiari jaramon eginda, 'hauspoa' idatzi beharko zukeen euskaltzain bizkaitarrak baina, bestela, bere horretan balio du artikulu haren izenburuak 20. Korrika Nafarroan barrena egiten ari den kilometroak desbrikatzeko.

Ostiral goizean Lizarraldean barrera sartu zenetik, harrera izugarri beroa egin diote zeharkatu dituen herri guztietan, eta Nafarroan ugariak diren herri arteko kilometro huts horiek egiteko ere ez da korrikalaririk falta izan, ezta gutxiago ere. Aitzitik, Korrika pasa ez den herrietako udal, elkarte eta beste Korrikaren bila joan dira zegoen tokira, babestu duten kilometroa egin ahal izateko.

Gau eta egunez, 20. Korrika Nafarroan egiten ari den ibilbidean uneoro ari dira igartzen euskararekiko aldaketa instituzionalaren zantzuak eta, horrekin batera, euskaltzale nafarren tenore baikor eta itxaropentsuagoa. Euskarari urrutitik edo mesfidantzaz begiratzen diotenentzat -eta, tamalez, horien kopurua ez da murriztu egunotan Korrika gerturatu den eremu ez euskaldunean-, lasterketa izan da euskararen kemenaren eta itxaropenaren lekukoa; lekuko hori eraman dutenentzat, berriz, Korrika da, besteak beste, euskara arnasberritzen jarraitzeko haizea eman dien hauspoa.

Ostiraletik larunbaterako gaua Erriberan eman du Korrikak, eta honekin batera doan argazki sorta ikustea besterik ez dago giroa nolakoa izan den irudikatzeko. Larunbata hasi du Erribera atzean utzi eta Tafallara itzultzen. Egunean zehar, iparrorratza iparrera begira jarrita, ekialdetik korrituko du Nafarroa, Aragoiko mugarekiko paraleloan kasik.

Kaparrotsu, Murelu, Pitillas, Beire edo Erriberri zeharkatu ondoren, Tafallan du eguneko zita handietako bat. Handia, eta zarata handikoa, suhiltzaileen kamioien sirenena ez baita oharkagean joaten den soinua. Egun handia halaber Orbaibar -Lertxundiren kantuko Baldorba, alegia- ibarreko biztanleetzat, aspaldian baitzegoen Korrika hortik pasa gabe.

Arratsaldean, Zangoza aldean izango da Korrika, eta Irunberri atzean utzita hartuko du Pirinioetarako bidea. Iso gainetik sartuko da Korrika Pirinioetan, iluntzeko 20:00ak aldera, larunbat gaua eta igande goizaldea bertan emateko. Zonaldera iristean haurrek zein helduek hartuko dute parte, bai bertakoek bai Euskal Herriko beste hainbat zonaldetakoek ere. Nabaskozetik Erronkari ibarrera joanen dira korrikalariak, Koroak (21:56) mendatea zeharkatuta. Erronkariko herri guztiek hartuko dute parte: eragile ezberdinek, eskolako irakasle, ikasle zein gurasoek... Laza gainean (570 km, 01:53) zaraitzuarrek hartuko dute lekukoa. Hemen ere, Erronkarin bezala, herri guztiek hartuko dute parte. Eta Zaraitzutik Aezkoara pasatzean, Zaraitzuko Batzordeak (592) emango die lekukoa aetzei, 04:16an.

Eremendia gainean, Euskal Herriko herririk altuenera iritsi baino lehen, eskualdeko kooperatiba batzuek hartu dute lekukoa (593), Iratiko ekoizpenak eta Trigo Limpiok, hain zuzen ere. Aezkoako herri gehienek eskuz esku pasako diote elkarri euskararen lekukoa, baita Aezkoako Batzar Nagusiak ere (609). Aezkoako, Erroibarreko, Auritzeko, Agoitzeko eta Luzaideko Kultur Elkarteak ere bertan izango dira. Eskualdeko eskola guztietako haurrek eta irakasleek lekukoa harro eramango dute Garraldan, Aurizberrin eta Auritzen, baita Artzibarreko, Aezkoako eta Erroibarko emakume taldeek ere, Ibañetan behera. Agoizko Angiluerrekako lagunek (646) Arnegin utziko dute lekukoa Iparraldeko Korrika zaleen esku, igande goizeko 09:58an.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate