El Correo

Euskara bizirik dago Interneten

Gazte bat, ordenagailuarekin.
Gazte bat, ordenagailuarekin.
  • Askok uste zuten erabiltzaileek hizkuntza hegemonikoak erabiliko zituztela produktu digitalak kontsumitzeko, baina ez da holakorik gertatu...

Euskararen osasun digitala ona da. Hori da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzatik eskaini dizkiguten datuek erakusten dutena. Datuak ez dira Eusko Jaurlaritzarenak (ez dituzte beraiek bildu, alegia), baina beraiek eskuratu eta laburtu dituzte El Correorentzat.

Gauza bat argi dago: aurrerapauso handiak eta nabarmenak egin ditu euskarak azken urteetan Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) alorrean eta Interneteko esparruan. Begibistakoa da hori. Hala ere, egin beharreko lana ez da oraindik bukatu eta euskara teknologia berrietan integratzen jarraitzeko ahaleginak egiten segitzea ezinbestekoa da, noski.

Askok uste zuten hiztun kopuru handia duten hizkuntzek (ingelesak, gaztelaniak edota frantsesak, adibidez) ez zietela IKTen barruan tokirik utziko hizkuntza gutxituei. Hau da, erabiltzaileek hizkuntza hegemonikoak erabiliko zituztela produktu digital hauek kontsumitzeko. Baina ez da holakorik gertatu. Ez, behintzat, euskararen kasuan.

Esan bezala, euskarak IKTetan duen presentzia oso kontuan hartzekoa da. Hamaika lanabes ditu erabiltzaileak euskaraz erabili ditzakeenak. Punta-puntako lanabesak, gainera. Hor daude, adibidez, Wikipedia, sare sozialak, software ezberdinak… adibide asko jarri litezke. Euskararen osasun digitala, gainera, hainbat estatu hizkuntzek dutena baino hobea da eta badira datu asko hori erakusten dutenak. Jarraian, euskarak Interneten duen pisua zenbaterainokoa den erakusten duten zenbait datu aztertuko dira.

Datu esanguratsuak

Ideia bat egiteko, Munduko hizkuntzen %5a besterik ez da erabiltzen Interneten, eta horietako bat euskara da, zeina sareko nabigazio hizkuntzen artean 44. tokian dagoen. Ez da gutxi. Eta sare sozialak aztertzen badira ere, oso datu esanguratsuak aurkitu daitezke. Zalantzarik gabe, garrantzitsuenetako bat Twitter sarea da. Guztiok ezagutzen duguna. Bada, sare sozial honen lehenengo 33 hizkuntzen artean dago euskara. Honek garbi erakusten du erabiltzaile askok euskaraz kontsumitzen dutela sare sozial hau. Alegia, Twitter euskaraz erabiltzeko hautua egiten dute, beste hizkuntza batzuen aurretik.

Wikipedia, adibidez, 292 hizkuntzatan dago erabilgarri eta horietako bat euskara da. 245.000 artikulu baino gehiago aurkitu ditzakegu euskaraz entziklopedia honetan. Gaur egun, 31. postuan dago euskara. Gainera, Facebook, Google eta beste sare sozial zein web zerbitzu ezagunetako asko (Firefox nabigatzailea, Wordpress plataforma, Moodle…) euskaraz erabiltzeko aukera dago.

Beraz, euskaraz idatzi, nabigatu, komunikatu, jolastu eta lan egiteko aukera du erabiltzaileak Interneten, hizkuntza honen osasun digitala ona dela erakutsiz. Egia da, asko dago oraindik egiteko. Izan ere, egunero ateratzen dira lanabes berriak merkatura eta euskarak egoera honetara egokitzen jarraitu beharko du, orain arte bezala.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate