El Correo

Gorri nafarra

Uxue Barkos.
Uxue Barkos. / EFE
  • Milaka lagun bildu zituen zapatuan foru erkidegoko banderaren defentsan Iruñean egindako manifestazioak. Oposizioan dauden alderdiek bultzatu zuten bestelako hainbat helbururekin, Uxue Barkosen gobernuaren aurka jotzeko batik bat

2015eko uztailaren 22a oso egun garrantzitsua izan zen Nafarroan. UPN eta PSN bertako egitura politikoaren ardatz ziren foru erkidegoa osatu zenetik, Madrilekiko harreman mota eta estatus jakin baten bermatzaile, baina orduko horretan Uxue Barkosek hautsi zuen hori. Kongresuan alderdi guztien aldetik diputatu oso errespetatu izandakoak amaitu zuen aroa, urte hartako foru hauteskundeetan UPN+PSN+PPk 50etik 24 parlamentari baino ez baitzituzten lortu. Geroa Bairen 9ek, EH Bilduren 8ek, Podemosen 7ek eta Izquierda-Ezkerraren 2ek ahalbidetu zuten hiru hamarkadatako aldaketa politikorik handiena. Horrek, jakina, berehalako ezinegona eragin zuen diktaduraren ostetik Nafarroako erakundeak nahierara baliatu zituztenen artean. UPNk sendo jarraitzen duen arren —15 aulki ditu Parlamentuan—, Nafarroako Kutxaren edo dieten kasuek, besteak beste, higatu egin zuten Yolanda Barcinaren agintaldian, oposiziora eramateraino. Sozialistak, aldiz, aspalditik dabiltza burumakur foru erkidegoan, 1991n lortutako 19 parlamentarietako 7 baino ez baitituzte gaur egun. Erregionalisten zuzeneko zein zeharkako sostengu izateak ekarri die hori, egungo estatusa auzitan jar dezakeen inorekin bat egiteko edo neurriren batean hitzartzeko gaitasun ezak.

Laukoak aldaketa lasaia bultzatu du Nafarroan Uxue Barkos lehendakari denez geroztik. Berak aitortua da egungo egoerak ez duela esan nahi erresuma zaharra abertzale bihurtu denik, sakoneko egoera soziologikoan ez dagoelako erabateko aldaketarik. Baina abertzale bat gobernu buru izatea ez da, aldi berean, ahuntzaren gauerdiko eztula, bertako gizartearen gehiengoak aniztasuna ikur hartuta nolabaiteko aldaketa baten alde egindako apustuaren seinale baizik. Ordura artekoa egoera itogarria zen askorentzat, sektore aurreraikoentzat batik bat. PSNren inmobilismoak eta indarkeriaren aldeko ezker abertzalearen apustu deitoragarriak egin zuten ezinezko aldaketa Nafarroan luzaroan, UPNren agintaldia ia betikotzera arte. Sozialisten oraintsuko primarioetan Pedro Sánchez-ek aise irabazi du foru erkidegoan —864 boz jaso zituen berak, eta 205 Susana Díaz-ek—, eta ikusteke dago Estatuaren nazioaniztasuna aitortzeko berak egindako adierazpenek zenbaterainoko oihartzuna izan dezaketen PSNren dinamika politikoetan idazkari nagusiaren bigarren etapa honetan. Herenegungo manifestazioan parte hartzeak, dena den, daudenera eraman dituztenen bidetik jarraitzeko asmoa adierazten du. EH Bilduri dagokionez, zuhur antzera ari da jokatzen Nafarroan, aldaketa egonkortzeko eta bere kudeaketa gune nagusiak, Iruñeko Udala bereziki, ahalik eta gehien babesteko.

Izan ere, Geroa Bai buru dela Nafarroan azken bi urteotan gauzatzen hasitako aldaketa mailakatua izaten ari da, ekonomian eta ongizate sozialean bereziki eragin nahi duena. Hainbat aurrepauso egin dira bestelako hainbat kontutan, euskarari lotutakoetan esaterako, aurreko nafar gobernuen utzikeria gainditze aldera; baina inork ezin dio leporatu auzi identitarioetara mugatzea edo bertako gizartearen zatiketa areagotzea. Oso zentzuzko ekimenak abiatu ditu Uxue Barkosek, lurraldeko errealitate soziopolitiko ezin anitzagoa beti aintzat hartuta. Baina, UPNrentzat eta bere ingurukoentzat eurek ezarritakoarekiko aldaketa oro da arriskutsua, Nafarroaren nortasuna auzitan jartzekoa, euskal abertzaleen asmo gaizto ezkutuen adierazgarri. Errealitatea, haatik, oso bestelakoa da, Gobernuak behin eta berriz errepikatu duelako EAErekin luzaroan oztopatutako lankidetza indartu nahi duela, baina bestelako sakonagoko urratsik egin gabe.

‘Gurea defenda dezagun’ zioen hizki txikitan larunbateko manifestazioko pankarta nagusiak. Ustez 2003ko Ikurren Legea bertan behera utzi izanak Nafarroako bandera arriskutan jartzen duelako. Ez da hala, ordea; ez dagoelako berori auzitan jartzen duen indar politikorik. Helburua debekatutako beste ikur bati atea zabaltzea da, nafar askok propiotzat sentitzen dutenari, ikurriñari hain zuzen. Azken hau ez delako ‘beste erkidego bateko’ bandera, ikur bien arteko bateraezintasuna aldarrikatzen dutenek dioten bezala, euskal herritar oro identifikatzekoa eta erkidego batean ofizial dena baizik. Hala, Iparraldean, eta Nafarroa Beherean, hainbat udaletxetako balkoietan dago, baita Frantziako alderdiak nagusi direnetan ere. Ikurriña, beraz, EAEz oso gaindikoa da, tartean Nafarroako zenbait zonaldetan zeharo errotua. Hori ukatu eta inolako arriskurik ez duenaren defentsan kaleratzea Barkosen gobernuaren aurkako ekimen itsua besterik ez da; batik bat Nafarroako nortasunaren zutabeetakoa den euskararen alde, esaterako, sekula mobilizatu ez eta bere sustapena ahalik eta gehien oztopatu dutenen aldetik.

Nafarroa Estatu auzia dela errepikatu dute hainbatetan buruzagi politiko askok trantsiziotik. Eta horrek oso aparteko egoera politikoa eragin du bertan, ezker-eskuin ohiko ardatzetik haraindikoa. Baina bertako gizartearen aniztasuna zenbaitzuren zurruntasunak adierazten duena baino askoz handiagoa da. Nafar ikurrak eurenganatu asmoz dabiltzan horiek badakite ez dagoela egungo estatusaren aldaketa bultzatzeko epe labur eta ertaineko inolako asmorik, eta inoiz egotekotan beti izango dela nafarren iritziaren araberakoa, ez beste inon erabakitakoa. Baina, hala eta guztiz ere, ustezko gatazka identitarioa xaxatu guran ematen dute, ikurriña eta, modu sotilagoan, euskal kutsuko edozer arrotz modura agertarazten saiatuta. Uxue Barkosen exekutiboa hainbat oreka gordetzen ari da, bertako gizarteko benetako aniztasunari erantzunak ematen, errespetutik eta herritarren borondatetik denentzat jarduten, Nafarroako autonomia politikoa, banderak, hizkuntzak eta bestelako hainbat ezaugarri babesten. Badira, baina, eurena ikuspegi baztertzailetik ulertzen dutenak, besteari aurre egiteko eta ez gizarte bat bere osotasunean integratzeko. Zapatukoak ez direlako Nafarroa bakarra, hala uste dutela eman arren, bestelako Nafarroak ere badirelako, nortasun geruza askotakoak. Eta Uxue Barkosen gobernuak erakutsia du jada aniztasun hori jagon eta sustatzeko gaitasunik eta borondaterik ez zaiola falta.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate