El Correo

Alderdi sozialistak

Pedro Sánchez eta Susana Díaz.
Pedro Sánchez eta Susana Díaz. / Efe
  • Primarioetarako egutegia onartuta, idazkaritza nagusirako lasterketa ofizialdu du PSOEk. Egiten den urratsetako bakoitzak nabarmentzen duenez, zatiketa erabatekoa da Susana Díaz eta Pedro Sánchez-en sektoreen artean, atzeraezinezkoa ziurrenik

Oso luzea egingo zaio Alderdi Sozialistari maiatzaren 21era artekoa. Eta, hala eta guztiz ere, oraingo giroa egun horren ostekoa baino arnasgarriagoa izan liteke, bi hautagai nagusien arteko irabazleak bestea txikituko duelako, eta galtzaileak nagusitu denaren ereduari aurre egingo diolako. Sánchez-en aurkako altxamenduaz geroztik, sei hilabeteotan ez da Batzorde Kudeatzailearekin elkar gerturatzeko aukera txikienik izan. Distantzia handitu baizik ez da egin, batzuen eta besteen arteko bateraezintasuna muturreraino eramanda. Guda zibileko agertoki horretan, Patxi López batasunaren aldeko hautagai modura nabarmendu guran aritu da, baina alperrik. Ez du horretarako babes nahikorik, gatazka gordinegia baita dagoeneko. Gainera, zalantzaren itzalak harrapatuta dago askoren ustez. Pedro Sánchez-en taldeko buruzagietakoa izan eta gero, bere hautagaitzak gehiago ematen du azkenean Susana Díaz-engana daraman zubia benetako hirugarren alternatiba baino. Buruzagi eroriarazia egun batetik bestera ukatu beharrean, hasteko tarteko aukera bati heldu diola dirudi. Baina andaluziarrak bere hautagaitzaren berri emateko Madrilen egindako ekitaldi erraldoian bildu zirenek euren artekotzat dute López eta, goizago ala beranduago, osagarritasun hori bat egite bihurtuko da.

Pedro Sánchez-ek, aldiz, PSOEren mugez kanpokoa ematen du. Nolabaiteko epika lantzen dihardu idazkaritza nagusia kendu ziotenetik, aparatuarena barik militanteen hautagai benetakoa delakoan. Ukaezina da bera baztertzeko moduak pil-pilean jarri zituela Alderdi Sozialistako hainbat kide, eta aspaldi ikusi gabeko mobilizazioa eragin zuela horien artean. Buruzagi ohiak gaur egun dioena ez da duela urtebete inguru zioena, Ciudadanos lehenestetik Podemos-i keinuak egitera igaro delako. Baina PPren aurkako bere irmotasunak hainbat militante xeheren begikotasuna eman dio ordainetan. Hori da bere ondare politiko nagusia barne prozesuari begira, eta orain arteko bere ekitaldiak jendetsuak izan dira, Susana Díazen aldekoak, Batzorde Kudeatzailetik hasita, urduri jartzeraino. Honelakoetan, baina, garrantzitsua izan ohi da begiak ondo igurztea, aurrean dagoen fenomenoa erreala ala ameskeria hutsa den bereizteko. Izan ere, aldekoak mobilizatuago egotearen ondoriozkoa izan daiteke bere ekitaldien arrakasta, eta ez gehiago izatearen eraginezkoa.

Andaluziarraren hautagaitza aurkezteko martxoaren 26an antolatutako atxikimenduzko ospakizunean azken lau hamarkadetan PSOE barruan boterea izan duten guztiak zeuden: Felipe González, Alfonso Guerra, Alfredo Pérez Rubalcaba eta José Luis Rodríguez Zapatero izan ziren nabarmentzekoenak, baina horien azpitik gogora daitezkeen gehienek ere ez zuten huts egin. Argi geratu zen, beraz, norekin dagoen sozialisten barne boteregunea, iraganekoa izan arren oraindik zer esan handia duena, edonoren lidergoa baldintzatzeko gai dena. Horietako askok ezin dute ezta elkar ikusi ere, inoiz izandako liskarrak direla eta. Baina orain aurkari baino etsai berbera izateak batu ditu, Suresnes-etik aurrera batzuek besteei aitortutako zenbait mugaren baitako legitimitatea bera kolokan ikusteak. Horregatik izango zaio hain zaila Sánchez-i galdutakoa berreskuratzea, horiek guztiek zilegitzat har dezaketen PSOEtik at utzi dutelako. Epika baino askoz gehiago behar izango du alderdiko aparatu faktiko iraunkorra —sasoian sakoiko lidergoen gainetik erraietarainoko kontrola daukana— gainditzeko. Horrek momentu erabakigarrienetan federazio orotako azken bazterreraino heldu eta bere borondatea bete dadin lortzeko duen gaitasuna aski ezaguna da, hainbatetan frogatu den legez.

Lehian dauden alde nagusi biak bereizten dituena ez da, dagoeneko, aliantzen inguruko estrategia, alderdi eredua bera baizik, PSOEk zer izan behar duen. Horrek ez du esan nahi Díaz-en aldekoek 1978tik honakoa edozeren gainetik babestu nahi ez dutenik, baita funtsezko gaietan PPrekin estu bat eginda ere, edo Sánchez-ek Podemos-ekin batera bestelako ezkerra osatzeko saiakera egin gura ez duenik. Hori egia izanik ere, dagoeneko askoz sakonagoa da bereizten dituena, jatorrizkoa duten ideologia gaur egun ulertzeko modua bera. Europako beste hainbat herrialdetako sozialdemokraziari ari zaio gertatzen, gizarte globalizatu garaikidearen eta kapitalismo finantziero basatienak eragindako azken krisi erraldoiaren desafioei aurre egiteko gai ez delako. Aspalditxo alde egin zuen SPD alemaniarretik Oskar Lafontaine bere buruzagi ezagunenetakoak, 2005ean zehazki, bi urte beranduago Die Linke ezkerragoko taldearen sorreran parte hartzeko. Frantzian ere begibistakoa da sozialisten oso sakoneko zatiketa, Macron ministro ohia bere kabuz presidentziarako bere hautagaitza aurkeztera bultzatu duena, ostean PSFko kideek primarioetan Hamon ezkertiarragoaren aldeko apustua egin duten arren. Barne prozesuan horren lehiakide nagusi izandako Manuel Valls lehen ministro ohiak lehenaren alde bozkatuko duela iragarri du, eta hausturak saihestezinezkoa ematen du.

Maiatzaren 21etik aurrera norabide jakin bat hartuko du PSOEk, eta beste bat akaso galtzaileek. Maila guztietan nabarituko da hori, PPrekiko oposizio “arduratsu” ala irmoan, lurralde egiturari dagokionean, egungo markoa erreformatzeko gogoan, politika ekonomikoa zehazterakoan eta beste hainbatetan. Integrazioa eskatzen dutenek badakite ia ezinezkoa dela honaino heldu eta gero, alderdikideen artean ezinbesteko diren gutxieneko lokarriak apurtu egin direlako jada. Galtzen dutenek nekez izango dute lekurik aurrerantzeko PSOEn, akabatu nahi izango dituztelako eta gainera ez direlako identifikatuko ostean datozen politikekin eta jokamoldeekin. Alderdi Sozialista bat barik, bi daude egun Espainian. Gero eta nabarmenago, gero eta gordinago, atzera egiteko gero eta aukera gutxiagorekin. Zatiketek eragiten duten hutsaltasunerainoko bidean.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate