El Correo
2011-an iragarri zuen ETAk lehenengo aldiz bere ibilbide odoltsuaren amaiera.
2011-an iragarri zuen ETAk lehenengo aldiz bere ibilbide odoltsuaren amaiera. / EFE

Amaitu da

  • Apirilaren 8an guztiz armagabetzen denean ETA iragana baino ez da izango, behin betiko noiz desegingo zain. Erabatekoa eta egiaztagarria den neurrian, ez da gutxietsi behar, 2011ko su-etena bururaino eramatea dakarrelako

Hamarkada luzetako ibilbide odoltsua duela bost urte eta erdi amaitu zuen ETAk, baina gordeta zituen armak ematea falta zitzaion. Gaizkile jarduera bazter uzteko erabakia inoiz arriskuan egon ez den arren, indarkeria baliatzeko tresnak oraindik bere esku gordetzeak kezka puntu bat eragin du behin baino gehiagotan. Ofizialki desegin aurreko urrats garrantzitsuena zen horiek bitartekarien edo gobernuen esku jartzea, armategi osoa modu egiaztagarrian ematea.

Orain arte, baina, ETAk propagandarako baliatu ditu horri dagokionez egin dituen keinu gehienak. Madrilgo eta Parisko exekutiboek ez diete inolako jaramonik egin erakunde horren eskaintzei, jardunbiderik eraginkorrena hori zelakoan. Rajoyrenak, zehazki, baldintzarik gabe arma guztiak entregatzeko eta ostean desegin dadin eskatu dio tarteon ETAri, horren guztiaren ondoren bere kartzela politika berrikus dezakeela iradokita.

Izan ere, Espainiako gobernua eta Alderdi Popularra politikoki eroso antzera egon dira armen auzia behin betiko konpondu gabe zegoen bitartean. Euren iritzi publikoari begira ETArena gainditutako arazoa da, behin eta berriz errepikatu dutenez azken honek Estatuaren irmotasunaren eraginez amore eman behar izan eta gero. Ondorioz, keinurik txikienak ere kalte egin diezaiokeela iritzi dio Rajoyk eta, beste hainbat kontutan egiten duen legez, besterik gabe denbora pasatzen utzi du, ezker abertzaleak premia eta kontraesan handiagoak zituelakoan.

Urratsak

Hala izan da, gainera. Beste aldearen inmobilismoaren aurrean, eta batik bat presoen egoerak bultzatuta, alde bakarreko hainbat urrats egin behar izan dituzte ETAk berak, kartzelatuen kolektiboak edo-ta Sortuk. Lehenari dagokionez, bere amaiera ordenaturako solaskidetzarik lortuko ez duen ziurtasunak eta Espainiako eta Frantziako polizien presioak bestelako bideak jorratzera bultzatu du.

Behin betiko su-etena iragarri bai baina desegiteko asmorik agertu ez izanaren ondorioz, egon da ETAk prozesu guztiaren nolabaiteko zaintza asmoa zeukala susmatzen zuenik. Maila politikoan inolako eragiletza gaitasunik ez dagokion arren, aurrekoetan beti saiatu da eragiten eta baldintzatzen. Oraingoan, ordea, egoera oso bestelakoa izan da, bere oinarri sozialak babestuta ezker abertzalearen alde politikoa izan delako hasieratik prozesuaren buru, horrek bultzatuta erabaki zuelako ETAk aro armatua betiko amaitzea.

Orain datorrenaren berri Txetx Etxeberri ekintzaileak eman zuen ostiralean ‘Le Monde’ egunkarian, abenduan armagabetze prozesuan bitartekari izaten saiatu eta atxilo hartu zutenetakoak. Ondoren, armagabetzeari buruz zapatu goizean Miarritzen egindako jardunaldietan Euskal Herriko Laborantza Ganbarako presidente izandako eta Etxeberrirekin batera operazio berean atxilotutako Mixel Berhokoirigoinek jakinarazi zuen ETAren urratsa «gardena eta publikoa» izango dela, eta egiaztatua.

Frantzia

Ondorioz, Frantziako gobernuari parte hartzeko gonbitea luzatu zion, baina ordu gutxi beranduago Bruno Le Roux Barne ministroak ohar batean erantzun zuenez, «legearekin bat datorren armagabetze bat egoteko konponbide bakarra armategi horiek non dauden agintariei jakinaraztea da», eta biltegiak eskuratzeko eskumena aginte judizialari dagokio. Eusko Jaurlaritzak, ordea, Iñigo Urkullu lehendakariaren ahotik, prozesua azkeneraino arrakastaz eramateko bere esku dagoen guztia egingo duela ziurtatu du, nahiz eta guztia bere esku ez dagoela gaineratu. Jarrera beretsukoa da Nafarroako presidente Uxue Barkos, armagabetzea burutu dadin bere «konpromisoa» adierazi duelako. EL CORREOk egunotan nabarmendu duenez, Rajoy aldez aurretik egon da urrats horren jakinaren gainean, aurreko asteartean lehendakariak berak Madrilen informazioa aurrez aurre helarazi eta trabarik ez jartzeko galdegin ziolako.

ETAk armagabetzea eta desegitea zor dizkio euskal gizarteari aspalditik. Bi horietako lehenengoa gauzatzea ezin da aintzat hartu gabe utzi. Eta Espainiako gobernuak kartzela politikan aldaketak ahalbidetu behar ditu, euskal gizartearen gehiengoaren gurariei erantzun eta bakearen eta bizikidetzaren norabidean aurrera egiteko. Baina aitzakia berriak bilatuko ditu dagoenetik ez mugitzeko. Malgutasun handiagoz jokatzeak eta sakabanaketarekin zein urruntzearekin amaitzeak ausardia politikoa eskatzen du, Espainiako iritzi publikoaren sektore gogorrenen eraso mediatikoei aurre egitea. Kongresuan ahul dabilenean eta urtebeteren buruan-edo hauteskunde orokorrak aurreratzea baztertzerik ez dagoenean, zaila dirudi PPren gobernuak berehala arazo honi heltzea. Horren inguruko adostasun zabala lortu arren, litekeena da Rajoyk oraingoz mugitu nahi ez izatea.

ETA iraganeko amesgaizto modura geratzeko prozesuaren azkenetan dago euskal gizartea. Eta maila eta alde guztietako eragileek lagundu behar dute hori ahalbidetzen. Alde horretatik, Bake eta Bizikidetzarako Eusko Jaurlaritzaren Idazkaritza Nagusitik egindako lana bereziki izan da oparoa. Jokamolde zorrotz, neurtu eta inklusiboak egin du eraginkor bere ekina, alde guztietara begiratzeko gaitasunak.

Biktimak

Badago, beraz, zein ildo jarraitu, nondik jo. Biktimak beti gogoan, iragan beltzenetik ikasita aniztasun beteko etorkizuna elkarren arteko begirunetik eta ezberdintasun politikoak egokiro kudeatzetik eraikitzeko. ETAren armagabetzea mugarri da 2011ko urriaren 20an hasitako prozesuan, 800dik gora pertsona erail dituen zorigaiztoko erakundearen behin betiko amaierari dagokionean. Bada garaia horri begirako azken erabakiak hartzeko, alde guztiek euren ekarpena egiteko, bakoitzak dagokion arduraren neurrian bere alea jartzeko. Aitzakiarik gabe, epe laburreko eta alde bakarreko interesak lehenetsi barik.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate