El Correo
Andoni Ortuzar, Iñigo Urkullu eta Idoia Mendia.
Andoni Ortuzar, Iñigo Urkullu eta Idoia Mendia. / EFE

Ehun egun

  • EAJ-PSE koalizio gobernuak ehun egun bete berri ditu, eta Jaurlaritza osatzen duten alderdi biak pozik daude tarte sinboliko horretako emaitzekin. Ardatz hori oso eraginkorra izan daiteke legealdi honetako erronka nagusiei aurre egiteko

Jeltzaleen eta sozialisten arteko harremana gorabeheraz beteta egon da 1979az geroztik. Ardanza lehendakariaren koalizio gobernuen osteko urruntze prozesua ia muturrekoa izan zen zenbait urtetan, hausterainokoa. Baina 2013tik hona lankidetzarako asmoa joan da nagusitzen, lehenik aurreko legealdian PSE-EEk aurrekontuak babes zitzan lortutako akordioekin eta iraileko hauteskundeen ostetik, konfiantza politiko ezin estuagoa berreskuratuta, koalizio gobernua osatuz. Egoera, dena den, ez da 80 eta 90. hamarkadetakoa. Alderdi bien arteko aldea inoiz baino handiagoa da herritarren babes mailari dagokionez, 28-9 jeltzaleen alde Legebiltzarrean, eta duela bost urtetik ez dago ETAk eragindako distortsiorik, erakunde horren jardunak euskal egoera politikoa bortizki baldintzatzen baitzuen. Horren su-eten iraunkorraren ostean bakeari eta bizikidetzari begirako agenda zehaztu eta landu zuen Jaurlaritzak, ondoren letorkeenari begira funtsezkoa dena.

Abiapuntuko akordio ekonomikoetatik sakontasun politikokoetara igarotzeak egin du posible gaur egungo biko gobernua, diagnostiko jakin bat partekatu eta arazo nagusiei aurre egiteko ildoetan bat etortzeak. Horrek ez du esan nahi alderdi biek helburu berberak dituztenik, ez luzera begira eta ezta estatus politiko berriari dagokionez ere. Jeltzaleek anbizioz jokatuko dute autogobernu esparrua eguneratzerakoan, euskal gizartea ahalik eta arlo gehienetan bere buruaren jabe izan dadin. Gainerako eragile politikoekiko adostasunak posible egiten duen urrunen heltzea da euren nahia, hausturarik gabe eta babes maila zabalenarekin jauzi berri bat egitea. Sozialistak, aldiz, egitasmo federal zehazgabe baten defentsan ari dira aspaldion, eta PSOEren idazkaritza nagusirako lehia izango da horren aukerak eta mugak argituko dituena. Dena den, Eusko Jaurlaritza osatzen dutenen ardatzari autogobernua zabaldu eta osatzeko prozesuaren katalizatzaile izatea dagokio, gainerako eragileak adostasunera erakarri eta gehitzeko ahalmenez jokatzea. Iñigo Urkullu lehendakariaren ikuspegi politiko integratzailea bermea da horretarako, konplexurik gabeko abertzaletasuna, Euskal Herriko zati bakoitzeko errealitatearen pertzepzio eta irakurketa neurtua eta errealismo politikoa uztartuta.

Espainia mailako azken urteko ezegonkortasunari Euskadiko aurreikusgarritasuna kontrajarri zaio, iraileko hauteskunde autonomikoen aurretik eta horien ostean. Sasoiotan horrek sekulako balio politikoa du, barruko zein nazioarteko testuinguruak ezarritako erronka itzelei aurre egiteko baliagarri den neurrian. Gorabehera barik eta ohiko epeetan adostu eta abiatu zen koalizio gobernua, legealdirako programa zehatzean oinarrituta. Eta halaxe ari dira egiten ondorengo urratsak ere, egutegi legegilea aurkeztekoa, lehen aurrekontua onartzera eramango duena edo-ta adostasunerako borondatea lorpen politiko bihurtzekoa. Alde horretatik, autogobernuari buruzko Legebiltzarreko lantaldea zein memoria eta bizikidetzari buruzkoa oso garrantzitsuak izango dira, koalizioaren beraren sendotasuna erakustekoak. Dena den, bidea ibiliaz egiten da. Eta horretan ari da Jaurlaritza. Azaroaren 29an egin zuen bere lehen bilera eta jada onartutako gobernuaren eta legeak bideratzeko programez gain plan estrategikoena ere egina dago.

Horrekin batera, laster da plazaratzekoa enpleguari eta suspertze ekonomikoari eragingo diona, 2020ra arte 8.600 milioi euro baliatuko dituena. Iazko hazkundea %3,1ekoa izan zen eta aurtengo aurreikuspena %2,5ra arte igo da. Azken krisi ekonomikoak neurri batean egiturazkoa ematen duen arren, Euskadin susperraldiak oinarri sendoak ditu eta, hala, posible da langabezia legealdion %10etik behera jaitsarazi eta ezarritako helburuak betetzea.

Madrilgo gobernuarekiko harremanak ere hobetzen ari dira. Rajoyren gehiengo osoko epean PPk ez die jaramonik egin Eusko Jaurlaritzatik egindako hainbat eskaerari, besteak beste bakegintzarekin eta normalizazioarekin lotutakoei. Normaltasun instituzionalari uko eginda, Alderdi Popularrak arduragabe jokatu du luzaroan, eta euskal gizartearentzat funtsezkoak diren gaietan ez du inolako ekarpenik egin, elkarrizketarik gabeko ezezko borobiletara mugatu baita. Helegiteak eta ezadostasunak desagertu ez diren arren, popularren Kongresuko estuasunek bestelako giroa ahalbidetu dute, eta hari horretatik tiraka heldu dira Abiadura Handiko Trenaren inguruko akordioa edo Udal Legearen aurkako inkonstituzionaltasun helegiterik ez aurkeztea ekarri duena. Oraindik, dena den, asko dira mahai gainean geratzen diren gaiak, berandu baino lehen irtenbideren bat behar dutenak: Kupoaren likidazioa eta lege berria, Ertzaintzaren giza-baliabideei buruzkoa edo Gernikako Estatutuaren konpetentzia esparru propioa errespetaraztekoa, besteak beste. Orotara, 30 helegitetik gora dira indarrean daudenak, tartean Adikzioen Legeari eta Polizi Gehiegikerien Biktimenari eragiten dietenak, eta Jaurlaritzaren ebazpenen zein enplegu deialdien aurkakoak. Baina PP inoiz baino ahulago dago Espainian zein Euskadin, eta Madrilen duen babes beharra eta hemen gutxieneko eragin politikoa izateko duena lagungarri izan daitezke orain arteko egoera berbideratu eta bestelakotzeko.

Ehun egunotako ibilbidea probetxuzkoa izan da, helduko diren erronkek eskatzen duten mailakoa. Kudeaketari dagokionean eraginkor jarduteaz gain, koalizioko Jaurlaritza solaskidetzarako gaitasun handikoa izan beharko da, epe luzerako akordio politikoak ahalbidetzerainokoa. Euskadi horren beharrean dago, 1979an hitzartutakoa oso bestelakoa den errealitatera egokituko bada. Nazio legez dagokion aitorpenaz gain, bere autogobernuan sakontzetik sortuko dira aukera berriak. Egungo arazoak konpontzeko baliagarri izateaz gain, indarkeriazko iraganeko zauriak ixteko eta datozen hamarkadetako esparrua zehazteko emankor ekin beharko dio bikoak. Asko egin da, eta asko dago egiteko. Baina orain arteko bidetik, helbururik anbiziotsuenak bete daitezke.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate