El Correo

EMAKUMEEN BIRA

Antzuolak Biraren hirugarren liderra jantzi du

Antzuolak Biraren hirugarren liderra jantzi du
/ MAIKA SALGUERO
  • Bakarkako ihesaldi bati esker, Katrin Garfootek Gipuzkoan burutuko den lehen etapa irabazi eta lehen postua kendu zion Spratt taldeko kideari

Bere bigarren etapa eskuratuz, Orica Scott taldeak aurtengo Biraren indartsuenetariko bat dela erakutsi zuen. Sprattek nagusitasunaren maillot zuria jantzi zuen asteartean, Santestebanekin ihes egin eta helmugan gailendu ondoren. Atzo, berriz, Katrin Gafooten txanda izan zen. Gidoia antzekoa izan zen, baina oraingo honetan, bakarrik. Ihesaldiarin esker, etapa irabazi ez ezik, lehen postua kendu zion bere herrikideari.

Gipuzkoan burututako lehenbiziko jardunaldiak hasi-hasieratik argi utzi zuen lehiaketa egongo zela. Ihesaldi ahaleginak egin ziren lehenengo urratsetan, baina alferrik, 15. kilometrora arte. Olga Dobryninak (Bepink) minutu bateko tartea jartzea lortu zuen, baina Deskarga mendateko aldapa gogorrek abentura lurrera bota zuten. Orduan, Ashleigh Moolman (Cervelo Bigla) saiatu zen eta gailurrean abantaila minutu erdikoa izatera iritsi zen; halere, saiakera hutsean geratu zen. Ibilbidearen erdia apenas bete orduko, tropela banatuta zebilen. Aurrean hamarren bat txirrindulari zihoazen, maillota defendatzen zuen Sprattek barne; Santesteban, ordea, atzean geratu zen. Antzuolara heltzeko hogei kilometro baino gutxiago falta zirenean Garfootek aurrera jo zuen eta, tropela berriz elkartzen zen bitartean, Australiakoa tartea handitzen joan zen helmugan bakar-bakarrik sartu arte.

Nafarroa

Deskargako maldetan ederki sufritu arren, Santesteban (Ale Cipollini) tropelarekin batera iritsi zen. Ondorioz, maillot zuria gertu dago oraindik, 17 segundora hain zuzen ere. Balmasedan jaiotako Eider Merino (Lointek) Bizkaiko onena izaten ari da, hamabostgarren postuan baitago, liderrarengandik minutu bat baino gutxiagoko aldearekin.

Iaz bezala, lasterketak Nafarroa bisitatuko du gaur, Etxarri-Aranatz berriro ere, nahiz eta aurten ibilibidea askoz laburragoa izan. Halere, eskalatzaileentzako egun aproposa izango da. 58 kilometroko ibilbidea laua da lehengo zatian baina, aurrera egin ahala, gogortzen joango da. Izan ere, bi gailur igo beharko du tropelak: Zuarrarrate lehenbizi, geroago aldapa gora ibili Aralarko San Migel santutegian amaitzeko.

3. ETAPAKO SAILKAPENA:

1.Katrin Garfoot (Orica-Scott) 2:01:04

2.Soraya Paladin (Ale Cipollini) + 34”

3.Annemiek van Vleuten (Orica-Scott) + 34”

4.Ashleigh Moolman (Cervelo-Bigla) + 34”

5.Amanda Spratt (Orica-Scott) + 34”

SAILKAPEN OROKORRA:

1.Katrin Garfoot (Orica-Scott) 5:47:06

2.Amanda Spratt (Orica-Scott) + 12”

3.Ane Santesteban (Ale Cipollini) + 17”

4.Soraya Paladin (Ale Cipollini) + 44”

5.Ashleigh Moolman (Cervelo-Bigla) + 44”

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate