El Correo

«Ez dut idazten historiara pasatzeko, irakurle askori gustatzeko baizik»

Joseba Lozano gasteiztarrak bere bigarren eleberria plazaratu du.
Joseba Lozano gasteiztarrak bere bigarren eleberria plazaratu du.
  • Joseba Lozano Idazleak 'Herioren mandataria' izeneko bigarren eleberria kaleratu du, errealitatea eta ametsa nahasten dituen istorio iluna

Joseba Lozanok (Gasteiz, 1962) ‘Argiaren erreinua’ estreinako literatura-lana argitaratu zuen 2011n, Alberdaniaren eskutik. Bigarren eleberria du, beraz, berriki aurkeztutakoa: ‘Herioren mandataria’ (Erein). Istorioa misterio baten inguruan eraikia dago, eta obra berezia eta ezohikoa da arrazoi askorengatik. Idazlearekin mintzatu gara horien gainean.

Zein generotan sailkatuko zenuke 'Herioren mandataria'?

Oroz gainetik, misteriozko eleberri bat da, ilun samarra, beldurrezko eta suspensezko zenbait ukiturekin zipriztindua; zaila da, hala ere, genero bakar batean sailkatzea, elementu batzuk handik eta hemendik hartzen dituelako.

Oscar Miller oso pertsonaia iluna da eta Marco Berling protagonista oinazea atzean utzi ezinik ageri da istorio osoan zehar.

Pertsonaia konplikatuak dira biak. Oscar Miller idazle hipokondriakoa da, zinikoa, probokatzailea, krudela; marfilezko dorre batean bizi da, gizakiengandik urrun, ez duelako pertsonengan sinesten. Bere mediku pribatuak, Marco Berlingek, motxila astuna darama bizkarrean, gainetik kendu ezinda, eta idazlearen etxe bakartira heltzen da zerbaitengatik ihesi.

Elementuetako batzuk gotikoak dira. Giroa edo lekua bera, adibidez.

Ados. Liburuak baditu nobela gotikoaren ezaugarri batzuk: fantasia, misterioa, suspensea, beldurra… Istorioa behar bezala girotzeko erabiltzen ditudan eszenatokiak ere gotiko samarrak dira: udazkeneko basoak, mortuak, hilerriak, komentu zaharren hondakinak, itsaslabar bakartiak… Naturarik basatiena. Hiria amesgaiztoetan baino ez da agertzen, eta betiere biolentziari estu lotuta.

Izan ere, naturak presentzia nabarmena du kontakizunean.

Eleberri gotikoa nobela erromantikoaren oinordeko zuzena da. Bai batean eta bai bestean, oso inportantea da naturaren presentzia, gehien-gehienetan pertsonaien bizipenekin eta emozioekin uztarturik. ‘Herioren mandata- ria’ ere tradizio horretan murgilduta dago eta ez dira falta ekaitzak, haizea, hotza, behe-lainoa… Nik esango nuke nobelaren kolorea grisa dela: batzuetan, argiagoa; beste batzuetan, ilunagoa; baina grisa betiere.

Paisaiak, bizimoduak eta pertsonaien izenek atzerriko tokiak eta jendea dakartzate gogora. Zergatik jo duzu urrunera?

Toki zehaztugabea behar nuen istorioa kontatzeko: han edo hemen egon daitekeena, atzo edo gaur, errealitatean edo ametsetan. Nik uste dut urruntasun horrek sinesgarritasuna ematen diola kontakizunari; aitortu behar dut, hala ere, oso erakargarri zaidala garai victoriarra, XIX. mendeko Britainia Handia, eta garai hartako istorioak eta pertsonaiak. Seguru asko, denbora hartara begira dago nobela, nahita edo nahigabe.

Gurean zuk idazten duzunaren antzeko literaturarik egiten delako sentsazioa duzu?

Nik uste dut literatura ‘ezberdina’ egiten dudala. Iruditzen zait euskal literatura, oro har, literatura minimalista dela ekintzetan, eta maximalista hausnarketetan. Nire nobeletan, berriz, gauza asko gertatzen dira, erritmo bizian gainera; izan ere, nire helburua da irakurleak liburuarekin ondo pasatzea. Gozatzea. Disfrutatzea. Eta besterik ez. Ez dut nobelarik idazten ez salaketa sozialik egiteko, ez irakurlea pertsona hobea bihurtzeko. Istorio erakargarriak nahi ditut, irakurlea hasiera-hasieratik harrapatzen duten horietakoak. Argi daukat gauza bat: nik ez dut idazten euskal literaturaren historiara pasatzeko edo sari bat irabazteko, baizik eta irakurle askori gustatzeko.

Idazlearen estrategiak

Ekintza bizi-bizia da, baina hausnarketak eta inguruaren deskribapen zehatzak ere badira.

Liburuak bi erritmo ditu, oso ezberdinak, eta biak orekatzen saiatu naiz. Amesgaiztoak kontatzen direnean, dena da ekintza, dena gertatzen da ziztu bizian; mundu errealera bueltatzen garenean, ordea, dena da lasaiagoa… itxuraz, behintzat. Narrazioak leku bat uzten dio deskribapenari kostaldeko etxe bakarti hartan eta inguruetan. Mundu batean edo bestean egon, liburu zinematografikoa egiten saiatu naiz, irakurri baino gehiago ikusi egiten den horietakoa.

Amesgaiztoen munduaren eta errealitatearen arteko muga lausoaz baliatu zara argumentua eraikitzeko.

Eleberria ispilu moduko bat da, bi mundu paralelo kontrajartzen dituena: alde batetik, mundu erreala, non garatzen den idazlearen eta sendagilearen arteko erlazioa; eta, bestetik, ametsen mundua: mundu bortitza, gupidarik gabea, odoltsua. Nobelaren hasieran, bi mundu horiek ondo bereizita daude; baina, istorioak aurrera egin ahala, lausotu egiten da muga hori.

Egitura metaliterarioko testua dela esan daiteke, istorio nagusiaren barruan hainbat kondaira labur txertatu baitituzu. Zein da horien funtzioa?

'Herioren mandataria' nobela poliedrikoa da, hiru dimentsiotan idatzia; izan ere, mundu erreala eta onirikoarekin batera, ipuin moduko batzuk agertzen dira, kostaldeko jendearen kondaira zaharrak, bi mundu horiek uztartzera datozenak. Kondaira gehienekin gertatzen den bezala, ez dakigu benetakoak ote diren edo gezurrezkoak, eta horrek bat egiten du eleberriaren espirituarekin.

Nahiko kontaketa-estilo argia da zurea.

Nire ikuspegitik, lege bakarra dago irakurketa-prozesuan: irakurleak lehenengo irakurraldian ulertu behar du esaldi bakoitza. Irakurlea abenturan murgildu nahi dut, mundu misteriotsu batean, eta hori lortzeko hizkuntzak ezin du inola ere distraitu: ezin izan daiteke oztopo bat, makulua baizik. Azken batean, lortu nahi dudan helburua da irakurleak irakurtzen egotearen kontzientzia galtzea, horrek esan nahi duelako liburuan erabat sartuta dagoela, protagonistetariko bat bihurtu dela, alegia.

Ildo beretik, idazkera zorrotza eta euskara aberatsa darabiltzazu.

Nobela bat egiteko, idazle batek istorio ona behar du; baina, horrekin batera, modu erakargarrian kontatzen asmatu beharra dago, eta hori ezinezkoa da hizkuntza ondo erabili gabe. Nire lehen liburua idatzi nuenean (‘Argiaren Erreinua’), jendeak esan zuen oso erraz irakurtzen zela, eta ‘Herioren mandataria’ lanean bide beretik jarraitu nahi izan dut. Hizkuntza aberatsa erabiltzen saiatu naiz, bai; baina, aldi berean, freskoa eta, batez ere, ulergarria: korritzen duena.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate