El Correo

«Herri ahaztuak aintzat hartzeko sortu zen 'Herrien mintzoa'»

Monasteriok Gabriel Arestiren 'Harri eta herri' liburuaren edizio berria aurkeztu zuen argitaratu zeneko 50. urteurrenean.
Monasteriok Gabriel Arestiren 'Harri eta herri' liburuaren edizio berria aurkeztu zuen argitaratu zeneko 50. urteurrenean. / Mikel Askasibar
  • Xabier Monasterio idazlea eta argitaratzailea bere Saharan kokatutako 'Beduino bat Karibe aldean' lana kaleratu ondoren, Erroa argitaletxeak 'Quissat' Palestinako ipuin bilduma plazaratu du

Xabier Monasterio ez da geldirik egotekoa. Batez ere, euskara sustatzeko baldin bada. Euskal hizkuntzaren erabilera eta ezagutza gizartearen esparru guztietan txertatzeko Zenbat Gara elkartearen sorreran parte hartu zuen. Lehenago, 1978an, ikusi zuen argia Gabriel Aresti euskaltegiak eta, hortik aurrera, Bakaikuko barnetegia etorri zen, Bilboko Kafe Antzokia, «euskaraz hitz egiteko tokia», Bilbo Hiria irratia, Kurkuluxetan umegunea eta Erroa argitaletxea, besteak beste. Azken honek, hain zuzen ere, proiektu berria bultzatu du orain: ‘Herrien mintzoa’. 2015ean kaleratu zuten ‘Beduino bat Karibe aldean’ Saharan kokatutako liburua. Orain, berriz, Palestinako hamasei emakumek idatzitako ‘Quissat’ ipuin bilduma argitaratu dute. «Gutxietsi diren herrien irudia ez da ona izan», azaltzen du argitaletxearen arduradunak.

Zergatik sortu zen Erroa argitaletxea?

Gure inguruan ikasle asko dabiltza eta haientzako irakurgai mailakatuak eta erraztuak sortzea pentsatu genuen, ezin baitute zuzenean euskal literaturara pasatu. Beraz, zeuden obrak moldatu genituen, baita berriak sortu ere: Pio Baroja, ‘Saki’, Stevenson… Horren beharra ikusi genuen eta horrela hasi ginen ‘Euskara errazean’ bilduma osatzen.

Nondik sortu zen ‘Herrien mintzoa’ bildumaren asmoa?

Gurea bezalako herri asko daudela konturatu ginen, hau da, ahaztuak, ukatuak, minorizatuak, gutxietsiak; esaterako Palestina, Sahara, Tibet, kurduak… eta tamalez, egunkarietan hango zoritxarrak baino ez dira agertzen. Eman den irudia ez da ona izan, arrazoiak arrazoi, atentatuak daudela badakigu, baina aintzat hartzeko gauzak ere bai. Hau da, hain zuzen ere, ‘Herrien mintzoa’ bildumaren helburua.

Lehenengo argitalpenerako, Sahara aukeratu zenuten. Zergatik?

Herrien arteko harremana estua delako; izan ere, umeak datoz uda igarotzera, Saharako elkarte asko daude Euskal Herrian… Bestalde, herri ahaztua da eta ezagutzera eman behar genuela uste genuen, hala nola, zer nolako literatura dagoen. Ali Salem Iselmuk gaztelaniaz daukan obra bat aurkitu eta euskaratzea erabaki genuen. Ez da itzulpen hutsa, moldaketa bat baizik, hitzak barik sentimenduak itzuli baikenituen. ‘Beduino bat Karibe aldean’ 30 kontakizun laburrek osatzen dute eta gai solteen bidez oso ikuspegi anitza ematen da. Iselmuk ez du bere herriaren historia kontatzen, baina azpian ageri da.

Halere, edonork irakurri dezakeen literatura da…

Erroa argitaletxeak hasi-hasieratik izan duen xedea da. Ez dugu literatura zaila, sakona edo esperimentala izatea nahi, erraz kontsumitzekoa baizik, edozeinek irakurtzekoa. Ez da Sahararen historiari buruzko liburua, herritar arruntak zerbait gehiago jakitea du helburu.

Izan duen arrakasta espero zenuten?

Ezer egin gabe, ez baitugu bultzatu ezta sustatu ere egin, zenbait ikastetxetan liburu hau irakurtzeko agindu diete ikasleei, esaterako, Afrikako historia ikasten dutenean zerbait gehiago jakiteko: sentimenduak, gogoetak… Irakasleek irakurketa estimatzen dute eta jendeak, oro har, bat egin du proiektuarekin. Gainera, kaleratu genuenetik hainbat aurkezpen egin ditugu egilearekin: Bilbon, Gasteizen, Donostian, Iruñean, Durangon eta Madrilen, non euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz egin genuen. Ez genuen pentsatu hori gertatuko zenik eta oso polita da. Adorea ematen digu jarraitzeko.

Nolakoa da prozesua, hau da, nola erabakitzen duzue egilea eta liburua?

Helburu batzuk baditugu eta, aukera ezberdinen artean, noraino izan ahal diren egingarriak eta errentagarriak aztertzen dugu, ez baikaude dirua galtzeko. Bildumari eusteko aleak saldu behar ditugu. Bigarrena kaleratu dugu lehenengoa saldu egin delako; hortaz, hirugarren bat aterako genuke, bigarren hau aurrera balihoa. Bestalde, irakurgarritasuna ere bilatzen dugu.

Samien herria

Nolakoa da prozesua, hau da, nola erabakitzen duzue egilea eta liburua?

Gizarte gatazkatsuetan emakumeek paper garrantzitsua jokatu dute bakearen alde; horregatik, andrazko baten liburuaren bila genbiltzan, eta hau aurkitu genuen: ‘Quissat’ (‘Istorioak’), hamasei emakumek Palestinari buruz idatzitako ipuinen bilduma. Idazle gehienak bertan bizi dira, bina badaude herrialdetik at bizi direnak ere: Kuwaiten, Egipton, Estatu Batuetan… Gatazka aipatzen da, baina ez da argitalpenaren haria, eguneroko istorioak baizik: sexualitatearen gaineko kontakizuna, senar-emazte gazte batek herrialdera bueltatzean aurkitzen duen gizartearekiko aldaketa kulturala…

Hitzaurrea Ane Irazabal kazetariak sinatzen du…

Berak kokatzen gaitu Palestinako gizartean eta bertan nola bizi diren emakumeak. Horrela, ipuinak hasterakoan, irakurleak badu oinarrizko ezagutza.

Zein herriren berri ematea gustatuko litzaizueke?

Okzitaniera, alsaziera, Samiekin agian… Zein polita izango litzatekeen lau estatutan bizi den herri txiki baten ipuinak, kontakizunak eta bizipenak biltzea! Arazoa hizkuntza da. Guk, argitaratzeko, ingelesez, gaztelaniaz edo frantsesez dagoen liburua aurkitu behar dugu.

Argitalpenak kaleratzeko zein epe ezarri duzue?

Argitaletxe apala gara, ondorioz, gure proiektuak apalak dira. Urtero-urtero bat ateratzeko gai baikara, hamar urte barru hamar herriren literatura lagina euskaratuta izango dugu. Ez dugu presarik. Gainera, ez dugu jendea nekatu nahi, hobeto hurrengoaren zain badaude.

Hirugarren liburuki bat izango dugu orduan?

Seguru. Eta noizbait ijito herriari buruzko bat atera nahi genuke, herri guztiz ahaztua baita. Prozedura luzea daraman proiektua da hau, baina era berean oso atsegina. Asko irakurri behar dugu eta, literaturaren bidez, herriak hobeto ezagutzeko aukera dugu.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate