El Correo

Kultura Ondarea Saria martxan da

Gazte batzuk bideokamararekin grabatzen.
Gazte batzuk bideokamararekin grabatzen. / Fotolia
  • Apirilaren 7ra arte izango da zabalik gazteen artean euskal ondarearen ezagutza indartzeko lagungarriak izango diren lanak (bideoak, zehazki) aurkezteko epea

Euskal kultura hedatzeari behar bezalako garrantzia eman behar zaio. Are gehiago, hedapen horren erantzunkizuna ikasle gazteen eskuetan geratzen bada. Gaurko ikasleak gure kultura zabaltzearen erantzuleak izango dira etorkizunean eta, gauzak horrela, euren grinak lehenbailehen piztea premiazko kontua da.

Kultura Ondarea Sariak hori du helburu nagusilez: gazteen ikuspegitik euskal ondare kulturalaren alderdi desberdinak zabaltzea. Besteak beste, aurreko bi ediziotan gertatu zen bezala, oraingoan ere bideo formatu desberdinak aurkeztu behar izango dituzte Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako, Batxilergoko lehen mailako eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako estudianteek. Esan bezala, euren ikuspegitik ondare kultural aberatsaren aspektu desberdinak zabaltzen saiatu beharko dira ikusentzunezko formatuan.

Aurten, lehiaketan parte hartuko duten taldeek 3 eta 10 minutu arteko iraupeneko bideoak egin behar izango dituzte eta kultura ondare material edo immaterialarekin lotutako beraien ikuspegia azaldu beharko dute, ondarea kontzeptua zentzurik zabalenean ulertuta. Ikasle parte-hartzaileek gai zehatz baten inguruan beren kontakizuna sortu beharko dute, ikus-entzunezko teknikak erabilita, taldean lan eginik eta beren ikuspegi berritzailea aurkeztuta. Ekimenaren xedea: euskal kultura ondarearen balioa azpimarratzea gizartearen esparru guztietan, bereziki hezkuntzaren esparruan, betiere gazteria sentsibilizatzea bilatzen.

Proiektuak badu blog bat eta ekimen honi buruzko informazioa hurbiltzeaz gain, kulturako, kiroleko eta euskal gizarteko hogei pertsona ingururen euskal kultura ondareari buruzko ikuspegia biltzen du. Bernardo Atxaga, Jesus Altuna, Toti Martínez de Lezea edo Nestor Basterretxea (2014ko bideo batean) dira blogean agertzen diren izen aipagarrienetako batzuk. Era berean, blog horretan aurreko edizioak irabazi dituzten bideoak ikus daitezke, eta bideo tutorialen bidez ikus-entzunezkoaren munduan trebatzeko aukera badago, gero proiektuan parte hartu ahal izateko.

Saria: astebete Irlandan

Proiektu honen saria tutoreak eta lantaldeko kideek osatutako hiru talderi emango zaie eta Irlandara zazpi eguneko bidaia bat da, herrialdeko leku esanguratsuenetako batzuk ezagutzeko, baita haren kulturaren adierazpide aipagarrienak ere.

Horrela, euskal ikasleen hiru taldeek, beren irakasleekin eta tokiko gidari bikaina den Paddy Woodworth kazetari eta idazlearekin batera, herrialde horren historia eta errealitaterako hurbilketa bat biziko dute Irlandako kultura, hezkuntza, gizarte eta gazteriaren arloko kolektiboekin bizikidetzan eta elkarrekintzan.

Apirilaren 7ra arte izango da zabalik kultura ondarea ezagutarazteko lagungarriak izango diren bideo hauek aurkezteko epea. Ez pentsatu eta apunta zaitezte.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate