El Correo

Izkiko parke naturalean astronomia behatoki bat jartzen lagunduko du Arabako Foru Aldundiak

  • Arraia-Maeztuko Udalarekin eta “La otra mitad” Astronomia Elkartearekin izenpetutako hitzarmenak ahalbidetuko du jendeak behaketak egin ahal izatea eta, zerua gauez online ikusteko, web bat garatzea

Foru Gobernu Kontseiluak gaur onartu du lankidetza hitzarmen bat izenpetzea Arraia-MaeztukoUdalarekin eta Astronomia Elkartearekin, Izkiko parke naturalean astronomia behatoki bat jartzeko; izan ere, Izkik Euskadin argi kutsadura gutxien duen ortzietako bat du gauez. Eraikin hori Korresko parketxearen lurretan irekiko da, interpretazio zentroari datxekiola, eta aurreikusten da abuztutik aurrera hainbat teleskopio izatea bertan.

Hitzarmen horren bidez, Arabako Foru Aldundiak, besteak beste, azpiegitura hori ez ezik hura egiteko lanak ere finantzatuko ditu eta, horretarako, 15.621 euro bideratuko ditu.

Lankidetza publiko-pribatu horren ondorioz, “La otra mitad” Astronomia Elkarteak teleskopio eta astronomia ekipo eta ekipofotografiko ez profesionalez hornituko du instalazioa, bai eta erdi mailako ekipo batez ere. Agintzen du, halaber, arabarrak jomuga izango dituen zenbait proiektu eta dibulgaziozko jarduera ere egingo dituela.

Horiek horrela, lankidetza publiko-pribatu horren bidez, jendeari irekitako behaketak egingo dira, bai eta behaketa saio bereziak eskola-umeekin ere, eta horien artean lehentasuna izango dute eskualdeko ikastetxeetakoek. Era berean, gertakari berezien, hala nola, eklipse, kometa, ozar-izar eta antzeko interesa edo entzutea duten jazoeren jarraipena, estaldura eta hedapena ere egingo du.

Behatokiaren web orri bat ere garatuko du, Arraia-Maeztuko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren web orrietara lotuta egongo dena. Web orri horren bidez proiektua ezagutaraziko da eta, ‘streaming’a medio, behatokiko teleskopioen bidez, hainbat gertakariren jarraipena egin eta hainbat zeruko gorputz eta gaueko ortzia bera online ikustea izango da. Astronomia elkarteak egin beharreko horiek 8.806 euro egiten dute.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate