El Correo

Txile kaleko bidegorria Mexiko kaleko bidegurutzeraino luzatu du Urtaranen gobernuak

Urtaranen gobernuak Txile kaleko bizikletentzako bidea luzatu du. Orain bidegorri hori Gasteiz hiribidetik hasi eta Argentina kaleko bidegurutzeraino iristen da. Obrak egin ondoren, bidea Mexiko kaleraino luzatuko da. Gutxi gorabehera, 260 metro gehiago. Eginda dagoen bide-zatian bezala, bi noranzko dituen bidegorria izango da, ibilgailuen trafikotik bereiz. Gaur goizeko bileran onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak lan horien kontratazio-dosierra, 89.455,20 euroko aurrekontuarekin.

“Hiriko bizikleta sarea hobetzen jarraitzen dugu urrats txikiak emanda, bizikletaren erabiltzaile eta taldeek hala eskatuta. Kasu honetan, gainera, bizikleten mugikortasunerako osatu beharra geneukan puntu estrategiko batean. Bizikletak eta oinezkoak ibilgailu pribatuaren aurrean protagonismoa hartzen duten mugikortasun iraunkor eta osasungarriaren eredu baten alde egitea da Gasteizen garatzen ari garen estrategia bat”, azaldu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak egindako proiektuaren arabera, bidegorria zenbaki bakoitien espaloiaren ondoan eraikiko da eta 2,6 metroko zabalera izango du. Txirrindulariek erabiltzeko espazio horren ondoan 1,50 metroko oinezkoentzako ibilbidea ezarriko da autoetako erabiltzaileak espaloira segurtasunez iristeko. Eta zati horri erantsita lerroko aparkalekuen errei berria kokatuko da, 2,25 metroko zabalerarekin. Bestalde, zirkulazio-erreietan ere bakoitza 3 metroraino estutu beharko da. Bidegurutzeek eragindako eremuak (‘belarriak’) kendu egingo dira (Jose Migel Barandiaranen kasuan) edo aldatu (Argentinarekin eta Mexikorekin dauden bidegurutzeetako kasuetan).

Lanak bi hilabeteko epean egingo dira. Eta barne hartuko dute obrek eragindako seinaleak eta altzariak kentzea. Ondoren egingo dira eraisketak eta beharrezko betelanak. Hustubide batzuk ere aldatuko dira eta euri-urak biltzeko hodia jarriko da. Halaber seinaleztapen bertikal eta horizontal berriak jarriko dira.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate