El Correo

Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearen eraberritzea esleitu du Urtaranen gobernuak

  • Besteak beste, espaloiak zabalduko dira, eta zoladura berrituko, egoera txarrean baitago

Gasteizko Udalak Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea eraberrituko du, Zerkabarren eta Domingo Beltran kaleen arteko zatian. Izan ere, kale horrek irisgarritasun arazo handiak ditu, espaloiak oso estuak baitira, eta itxura zaharkitua du. Zoladura ere egoera txarrean dago. Urtaranen gobernuak inguru hori txukuntzeko lanetarako kontratazio-dosierra esleitu du gaur goizean, Tokiko Gobernu Batzarrean. Lanen aurrekontua 619.152,28 euro zen, eta gauzatze-epea, bost hilabete, kontratua esleitzen zenetik. Campezo Obras y Servicios enpresa gertatu da esleipendun, eta 480.647,91 euroren truke egingo ditu lanak, BEZ barne, % 22,37 behera egin ondoren.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak gaur goizean gogorarazi duenez, “inguruko auzokoek maiz eskatu dute esku hartzeko. Izan ere, “Zure Auzoa Hobetuz” partaidetza-prozesuan hartutako konpromisoetako bat da. Ekimenaren proposatzaileekin adostu da proiektua, Landazuri ikastolako eta Santa Maria ikastetxeko gurasoen elkartekin. Proiektuaren bidez, “alderdi horretan oinezkoen joan-etorriak nabarmen hobetzea da asmoa. Kaleak oso espaloi estuak ditu, eta horrek irisgarritasun arazoak sortzen ditu, oso ezerosoa baita bertatik ibiltzea. Espaloiak zabalduz oinez doazen pertsonek leku handiagoa izango dute. Orobat, itxura atseginagoa izango du. Gizarte eragin handiko lana da, zati labur batean bi ikastetxe eta osasun zentro bat pilatzen baitira”, nabarmendu du zinegotziak.

Gasteiz fisikoki eta sozialki aldatzen lagundu nahi da obra horren bitartez. Ingurumen Sailak Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalerako diseinatu duen proiektuak Domingo Beltran eta Zerkabarren kaleen arteko zatiari dagokio. Izan ere, kalea zaharkituta dago: oso espaloi estuak ditu, zoladura egoera txarrean dago, eta galtzadak txaplatak, bigunguneak eta arrakalak ditu. Iparraldeko espaloia 1,50 metro zabal baino ez da. Hegoaldekoak zabalera desberdinak ditu, baina zati batzuetan ere 1,50 metro du.

Irisgarritasun araudia betetzeko eta espaloiak hobetzeko, zati estuenetan aparkatzeko lekuak kenduko dira, espaloiak 2,80 metrora zabaltzearren. Zehazki, kalearen hegoaldeko zatiko mendebaldeko lekuak kenduko dira. Zamalanetarako lekuak orain dauden bezala geratuko dira. Trafikoaren kontrako noranzkoan doan bidegorria ere estutuko da, espaloiak zabaldu ahal izateko.

Zoladura zaharkituta dagoenez, zati osoan aldatuko da. Drainatze-sarea ere eraberrituko da, hustubide eta sareta berriak jarrita. Bide batez, Udalak sare hauek berritzea erabaki du: argiteria, luminaria berriak, kanalizazio eta kable berriak jarriz argiztapen mailak, uniformetasuna eta kontsumoak doitzeko; saneamendua, eta semaforoak (lekuz aldatuko dira).

Bestetik, zenbait zuhaitz fatxadetatik oso gertu daudenez, aldian-aldian kimatu egin behar izaten dira. Hori dela eta, zuhaitzak hondatuta daude, eta irregularki hazi dira. Ondorioz, kendu egingo dira. Hala ere, 13 zuhaitz utziko dira, eta horien txorkoak aldatuko.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate