El Correo

2018an aterako dira lehiaketara tranbia Salburura luzatzeko eta linea periferikoan autobus azkarra ezartzeko proiektuak

Mugikortasun iraunkor eta osasungarriaren aldeko apustuak eratzen du Urtaranen gobernuaren ardatz estrategikoetako bat, Gasteizen hurrengo urteetako modernizazioari begira. Zentzu horretan, Salburuko tranbiaren obrak 2018an aterako direla lehiaketara, iragarri du Gorka Urtaranek gaur goizean, eta 20,7 milioi euroko inbertsioa egingo dela horretan. Urte horretan aurreikusten da, halaber, autobus azkarraren sistemarako kontratazio-lehiaketa egitea, alkateak azaldu duenez.

Izan ere, garraio publikoaren sistema eredu efikaz, eraginkor eta iraunkor batera bideratzea funtsezkoa da hirian barrena egiten diren joan-etorriak oinez edo bizikletaz egin daitezela sustatzen jarraitzeko. Udal gobernuak agintaldiaren hasieratik bultzatzen dituen ekintzak dira, beste erakunde batzuekin batera, hala nola Eusko Jaurlaritzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin.

Tranbia Salburura luzatzeko diseinu-lanak egiten buru-belarri murgilduta daude orain Udala eta Eusko Jaurlaritza. Luzapen hori egiteko azterlanean 1.960 metro eta lau geltoki aurreikusten dira (Florida, Salburuko gizarte-etxea, Nikosia eta Europar Batasunaren plaza). Judimendi, Santa Luzia eta Salburuan barrena luzatuko dira bideak, 20,7 milioi euroko inbertsioarekin, BEZ aparte. “2018an aterako dira lehiaketara obra horiek”, iragarri du alkateak gaur goizean.

Tren arina San Kristobal, Adurtza eta unibertsitatera luzatzea, berriz, agintaldi honetan kaleratu zen tranbiaren inguruko lehen proiektua izan zen, eta udazkenerako aurreikusten da lehenengo lanei ekitea. Lau geltoki berri eraikitzeko asmoa jasotzen da proiektuan —Florida, Triana, Hegoalde eta Unibertsitatea—, eta 20.000 pertsonari emango die zerbitzua. Azpiegitura hori Zabalganera luzatzeari dagokionez, Gasteizko alkateak gogorarazi du proiektua definitzen ari direla, hurrengo agintaldian ekiterik izan dadin.

Gasteizko mugikortasun iraunkorrerako beste erronka nagusietako baten inguruan ere berrikuntzarik iragarri du Gorka Urtaranek, ordea: TUVISAren linea periferikoa autobus azkarraren sistema berritzaile eta modernoa bihurtzeko ekimena. Hirian barrena mugitzeko moduari dagokionez iragana eta etorkizuna bereiziko dituen ekimen bat da, etengabe aurrera doana, bai maila teknikoan, bai politikoan. Zentzu horretan, gaur egun proiektu hauek lantzen ari dira udal teknikariak eta Eusko Trenbide Sarekoak: urbanizazio-proiektua; geltokien proiektua, energia-proiektua, geltokietako txartel-salmenta eta -baliogabetzea diseinatzeko proiektua, seinaleztapen-proiektua, komunikazio-proiektua, karga energetikoen alternatiben analisia, eta garraio-teknologien, floten kudeaketaren eta sistema intermodalen azterketa. Gainera, parte hartzen duten hiru erakundeek sinatutako lankidetza-hitzarmenaren jarraipen-batzordea uztailaren 17an biltzekoa da. 2017ko urrian bukatuko dira proiektu horiek, eta informazio horrekin guztiarekin baldintza teknikoen eta administrazio-baldintzen agiria prestatuko da. Kontratazio-lehiaketa 2018an egitea da Gasteizko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren aurreikuspena.

Mugikortasunaren atalean, eta herritar guztiei zerbitzua emango dien sistema multimodal bat lortze aldera, TUVISAk ere berebiziko garrantzia izaten jarraituko du. Udalaren garraio-enpresak urte handia bizi izan du bere 50. urteurrenean, erabiltzaileen errekor berriak egin baititu ia hilabetez hilabete. Gainera, dagoeneko kaleetan barrena zirkulatzen ari dira autobus berriak, 2009az geroztik gertatzen ez zen bezala. Urtaranen gobernua bideratzen ari den flota zaharkituaren berrikuntza, nolanahi ere, ez da dagoeneko kaleetan diren hamar ibilgailuetara mugatuko. Izan ere, Gorka Urtaranek azaldu duenez, “hurrengo hilabeteetan beste hamar autobus erostea aurreikusten dugu”.

Gasteiz bere barnean hobeto konektatutako hiria bihurtuko duen eraldaketarekin zerikusia dute proiektu horiek guztiek. “Hiriko mugikortasuna hobetuko duen jauzi kualitatiboa egiteko unea dugu”, adierazi du Gasteizko alkateak. Auzoen artean, erdialdera, industrialdeetara edo hiriko edozein lekutatik edozein lekutara egiten diren joan-etorriak erraztea lehentasun bat da udal gobernuarentzat. Eta are gehiago modu iraunkor, efikaz eta osasungarrian egitea, Urtaranen gobernua planifikatzen eta eraikitzen ari den Gasteizen ezaugarri izango diren ‘green’ eta ‘smart’ politiken ildotik egitea.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate