El Correo

Gobernuak hiriko bi ekitaldi handirentzako laguntza ekonomikoa onetsi du: Azkena Rock eta Triatloia

Estíbaliz Canto zinegotziak gidatzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak 2017ko Azkena Rock jaialdia babesteko kontratua onetsi du, bai eta Maratlón elkartearekiko hitzarmena ere, 2017ko “Vitoria-Gasteiz Triatloia” antolatu eta gauzatzeko. Orobat, Arabako Argazkilarien Elkartearekiko lankidetza hitzarmena eta Artium Fundazioarentzako aurrekontu transferentzia onetsi ditu.

Beste urte batzuetan bezala, Udalak babestu egingo du hiriko ekitaldi handietako bat, 2017ko Azkena Rock jaialdia, zeina ekainaren 23 eta 24an izango baita; zehazki, 270.000 euroko kontratua sinatuko da ekitaldia antolatzen duen ARF Vitoria-Gasteiz SL enpresarekin.

Uztailaren 9an, berriz, hiriko beste ekitaldi handietako bat egingo da, 2017ko Triatloia. Sailak, kirolaren promozioak eta sustapenak duten garrantziaz jakitun, lehiaketa arloa barne , 90.000 euro jarriko ditu Maratlón kirol eta kultur elkartearekiko hitzarmenerako, hark antolatzen baitu ekitaldia.

Orobat, Arabako Argazkilarien Elkartearekiko lankidetza hitzarmena onetsi du Batzarrak. Izan ere, Sailaren eskumenetako bat da kultur programak antolatzea, hiriaren bizitza kulturala dinamizatze aldera. Arabako Argazkilarien Elkarteak hainbat jarduera antolatzen ditu urtero: ikastaroak, prestakuntza jardunaldiak, hitzaldiak, lankidetzak, lantegiak, eta VIPHOTO izeneko argazki feria nazionala, argazkigintza garaikidea dinamizatu eta zabaltzeko eta espazio berritzailea sortzeko asmoz. Udalak 8.000 euro jarriko ditu programazio hori finantzatzen laguntzeko. Azkenik, Artium Fundazioaren Patronatuko kide den aldetik, Udalak 90.000 euro jarriko ditu hura finantzatzeko. Gobernu Batzarrak transferentzia onetsi du.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate