El Correo

Gasteizko Udalak barne hausnarketa-prozesuari ekingo dio, energia eredua aldatu eta eraginkortasun eta aurrezpen ratioak hobetzeko

Gasteizko Udalak aurrerapausoak ematen jarraitzen du klima aldaketaren kontra duela hamarkada bat baino gehiago abiarazi zuen estrategian, CO2 emisioak murrizteko eta karbonoari dagokionez hiri neutroa bihurtzeko. Zalantzarik gabe, energia-eraginkortasuna da hori lortzeko funtsezko bideetako bat. Horrekin lotuta, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak diagnostiko bat landu du 2016ko abendutik 2017ko ekainera bitartean, Energiaren Udal Agentziak koordinaturik eta udal sailen lankidetzarekin. Lehen txosten horretan Udalaren kontsumo eta kostu globalak aztertu dira, eta hausnarketa prozesu zabalago baten abiapuntua izango da, Udalaren energia eredua eraldatzeko xedez. Diagnostikoaren arabera, energiaren gastua 17.984.137,11 euro izan zen 2015ean, argiteria publikoa (3,8 milioi), eraikinak (10,2 miloi) eta garraio publikoa eta berdegune eta lorategien mantentzea (3,8 milioi) batuta. “Datu horrek erakusten digu oraindik lan handia egin beharko dugula etorkizunerako ingurumen erronkak betetzeko. Gainera, kontsumo horiek pisu izugarria dute udal aurrekontuan”, azaldu du IGIko lehendakari eta Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak.

Estrategia hori gidatu eta datu horiek hobetze aldera, Udalak egokitzat jo du barne gogoeta-prozesuari ekitea, “energia eredua aldatzeko, aurrezpena, eraginkortasuna eta energia berriztagarriak kontuan hartuz. IGItik uste dugu oso garrantzitsua dela energiari buruzko balioen aldaketa sustatzea udal langileen eta herritarren artean. Horretarako, ahalegin pedagogiko handia egin behar dugu”, adierazi du Iñaki Prusillak. Hasteko, sail eta zerbitzuen arteko lan-taldea osatuko da, energia-eraginkortasuna eta aurrezpena handitzea ahalbidetzen duten estrategia zehatzak garatzearren. Besteak beste, eraikinak monitorizatzea, azpiegituretan kontratatutako potentzia berraztertzea, edo udal aurrekontuak lantzerakoan energia irizpideak kontuan hartzea aurreikusi da.

Taldeak ikuspegi integral batetik aztertuko du energia hornikuntzari buruzko informazioa, energia-kontsumo eta kostuen jarraipena eta ebaluazioa egingo ditu, edo energia hobekuntzarako inbertsioak proposatuko (0 kontsumoko polizak, kontsumoak gutxitzeko ohiturak, energia erreaktiboa, potentzien berrazterketa…). Orobat, energia-eraginkortasuneko irizpideak ezarri beharko ditu, Udalean eraberritzeko proiektuak eta lan berriak egiterakoan aintzat hartuko direnak.

2015eko ekitaldiko datuak oinarritzat hartuz 2016ko abendutik 2017ko ekainera bitartean egindako lanari esker, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak kontsumoei buruzko adierazleak eta informazio objektiboa ditu orain. Horrek aukera emango du lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, aurrezteko ahalmen handiena eta inbertsio txikiena behar duten ekintzak hautatzearren. Lortzen den aurrezpenaren kontura xede hori duten inbertsio gehiago egiten jarraitzea da helburua.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate