El Correo

Gasteizek Turismo Helmugen Iraunkortasunari eta Lehiakortasunari buruzko Nazioarteko Konferentzian hartuko du parte

Gasteizko Udalak Turismo Helmugen Iraunkortasunari eta Lehiakortasunari buruzko Nazioarteko Konferentzian hartuko du parte; gaur eta bihar, hainbat herrialde eta antolakundetako 40 aditu bilduko dira Aronan (Kanariar irlak).

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa panelista izango da turismo-helmuga iraunkorretako gobernantza eta antolakuntza berrikuntzari buruzko eztabaidan; turismo-helmuga iraunkorraren Biosphere ziurtagiria izateak dakartzan erronkak eta irtenbideak azalduko ditu.

Unescok eta Turismoaren Mundu Erakundeak sustatu dute topaketa, Turismo Iraunkorraren Munduko Urtea dela eta, turismo-helmuga iraunkor gisa hazi nahi duten lekuentzat —Gasteiz, horien artean— bide-orria ezartzeko xedez; izan ere, horien asmoa ingurumena, gizartea, kultura eta ekonomia kontuan hartzen dituzten irizpideak etengabe aplikatzea da.

Ildo estrategiko horietan oinarrituko da mundu osoko turismo-helmugen iraunkortasuna, eta Aronako Adierazpenean jasoko dira, zeina Nazio Batuen Erakundeari helaraziko baitio Turismoaren Mundu Erakundeak urte bukaeran. Orotara sei mahai-inguru egingo dira, gai hauek lantzeko: iraunkortasuna lehiakortasun faktore gisa; turismo helmugen desafioak; promozioa eta marketina; gobernantza eta antolakuntza berrikuntza; tokiko agintarien konpromisoa, eta enpresa kudeaketaren erronka.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate