El Correo

Ia 13.000 pertsonak hartu dute parte Hezkuntzako ibilbide historiko-artistikoetan

Gasteizko Udaleko Hezkuntza Zerbitzuak eskaintzen dituen ibilbide historiko-artistikoek heziketarako espazio bihurtu dute hiria 12.866 ikasle eta helduen taldeentzat. Kultura, Hezkuntza eta Kirol Arloko arduradunaren hitzetan, “Gasteiz Hiri Hezitzailea izateak, besteak beste, hezkuntza eskolaz haratago joatea esan nahi du, bai garatzen den denborari, bai espazioari dagokienez”.

Estíbaliz Canto zinegotziak azaldu duenez, Hezkuntza Zerbitzuaren ibilbide historiko-artistikoen programak “horretan laguntzen du, ikasleei zein helduen taldeei ibilbide didaktikoak eskaintzen baitzaizkie hiriko hainbat baliabide eta zerbitzu ezagut ditzaten, besteak beste, udaletxea, Alde Zaharra, Zabalgunea, San Pedro, Santa Maria katedrala, Udal Artxiboa eta Arabako Lurralde Historikoko Artxiboa; hartara, kultura-ondarea tresna pedagogikoa bihurtzen da, gaitasun sozial eta zibikoa lantzeko”.

2016-2017 ikasturtean, 1.182 helduk eta 80 ikastetxetako 11.682 ikaslek hartu dute parte ibilbideetan. Garai historiko jakin baten ezaugarriak eta gaurko hirian izan duten eragina ezagutzeko aukera ematen dute ibilbideek, eta kultura ondasunei balio sinbolikoa ematen, ondare bihurturik. “Izan ere, ondarea, historia eta kulturarekin batera, ezinbestekoa da nork bere burua, bere taldea eta bizi den mundua ulertzeko, eta gizarte kohesioa eta elkarrekiko begirunea sustatzen ditu”, amaitu du Cantok.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate