El Correo

Gizarte-erantzukizunaren alorrean lider diren euskal enpresen esperientziak izango dira protagonistak FOARSEren XI. Biltzarrean

Enpresen Gizarte Erantzukizunerako Araba Foroak (FOARSE) Enpresen Gizarte Erantzukizunari buruzko XI. Biltzarra egingo du maiatzaren 25ean (osteguna), gizartean arlo ekonomiko, sozial eta ingurumenekoan duten eragin onuragarria biderkatzeko ekimenak garatzen ari diren enpresen joerak eta esperientziak partekatzeko helburuarekin. Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, ASLEEuskadiko Lan Sozietateen Elkarteak, Kutxabankek, Konfekoop-Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak eta San Prudencio fundazioak osatzen dute FOARSE. 2007an sortu zenetik, urtero antolatu dute enpresen gizarte erantzukizunari (EGE) buruz hausnartu eta eztabaidatzeko foroa; ikuspuntu horrek lehiatzeko bereizgarria ematen die enpresa askori, eta negozioak egiteko era ezberdina, ingurunea errespetatuz eta inguratzen dituen gizartearekin inplikatuz.

Florida aretoan egingo da saioa, 9.30ean hasita. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, Arabako Foru Aldundiko Ogasun, Finantza eta Aurrekontuen diputatu José Luis Cimianok eta FOARSEko lehendakari Yolanda Berasateguik inauguratuko dute. Ondoren, ASLEko kudeatzaile Josetxo Hernández enpresen gizarte erantzukizuna kudeaketa aurreratuaren eta lehiakortasunaren funtsezko elementua izateaz mintzatuko da. Horren erakusgarria da, esate baterako, munduko inbertsio-funts handienek EGEan lider diren enpresa iraunkorren aldeko apustua egitea gero eta gehiagotan.

Euskadin enpresen gizarte erantzukizunaren alorrean lider diren hiru enpresak (Mutualia, Tubacex eta Michelin) mahai-inguru batean hartuko dute parte, beren esperientziak eta alor horretan egindako azken aurrerapenak azaltzeko, gero eta lotura estuagoa baitu negozioarekin eta balio partekatua sortzearekin.

Azkenik, Euskadiko Etika Klusterreko lehendakari José Ignacio Besgak elkarte hori aurkeztuko du, ezaugarri horiek dituen Espainiako lehena baita; horren helburua da lankidetza-proiektuak sortzea, balio etikoen ikerketa, ezagutza eta aplikazioa gizartearen alor guztietan zabaltzeko.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate