El Correo

Musika Eskolak ikasle-kopuruaren errekorra lortuko du 25. urteurrenean: 1.100 pertsona

2017/2018 ikasturtean Udal Musika Eskolak XXV. urteurrena ospatuko du, “25 urte musika egiten Gasteizen bihotzean” lemaren pean. Izena emateko epea maiatzak 17, hasi da, hilaren 31ra arte, eta ikasle-kopuruaren errekorra lortzea espero da: 1.100 pertsona.

Eskolako lehendakari Estíbaliz Canto zinegotziak eta bertako zuzendari Paco Galvek aurkeztu dituzte urteurrenari zein izen-emateari buruzko xehetasunak.

25 urte hauetan 17.675 ikasle igaro dira eskolatik (populazio osoaren % 7,44), eta 163 irakasle, zeinek beren jakinduria eskaini baitute Euskadiko eskola jendetsuenetako bat izan dadin.

Gainera, 25. urteurrena betetzen den ikasturtean 1.100 ikasleren kopurua gainditzea espero da, hau da, inoizko kopuru handiena. Cantok azpimarratu duenez, “Sailetik Eskolaren alde egiten ari garen apustuari esker lortu da hori, jardunaldiak handitzeko planaren bidez beste 72 pertsona gehiago sartu ahal izan baitira. Agintaldi osoan poliki-poliki handitzea aurreikusi da”.

“Bestetik —erantsi du— Udaband, udako musika campusa, sortu dugu, eraikina mantentzeko lehen inbertsioa egin dugu, horren beharra baitzuen, eta Udalaren ekarpena ia 200.000 euro handitu dugu, hots, eskolaren aldeko benetako apustua egin dugu Gasteizen bihotzean musika egiten 25 urte betetzera doanean”.

2017/2018 ikasturterako izena emateko kanpainarekin batera aurkeztu dira XXV. urteurreneko lema eta irudia. Ospatzeko hainbat jarduera antolatu dira, eta kolaborazioak ere izango dira (geroago jakinaraziko dira). Irailaren 13an egingo da hasiera-ekitaldia.

Izena emateko epeak maiatzaren 17tik 31ra iraungo du. Musika Eskolan bertan eman daiteke izena, astelehenetik ostiralera, 10etatik 14etara zein 17etatik 19etara, aurrematrikula orria beteta aurkeztuz. Oharrari erantsita doa gainerako informazioa.

“25 urte musika egiten Gasteizen bihotzean”

Lema aukeratzeko lehiaketa publikoa egin zen ikastetxean, eta 107 proposamen aurkeztu ziren. Azkenean aukeratutako slogana hiru ideia batuz sortu zen.

Irudirako ikasleek iradokitako kontzeptuak, sentsazioak eta sentipenak grafikoki jaso nahi izan dira: bihotzaren irudiaren bitartez musika, almendra, taupadak, erritmoa, partekatzea, ikastea, gozatzea jaso nahi izan dira; musika grafikoki irudikatzeko, bihotzaren barruan kortxea zuri bat jarri da.

Ikasleei ekarpenak eskertu nahian, hiru bihotz dira, lemarako hiru proposamen aukeratu zirelako. Whatsapp-eko mezuen antzera, amaieran doaz bihotzak.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate