El Correo

2016an, gasteizko Udalak 19 laguntza-deialditan parte hartzea kudeatu zuen Proiektuen Zerbitzuak

  • Hainbat europar programatan parte hartzeak orotara 20 milioi eurotik gora eskuratzea ahalbidetu du

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak Proiektuen Zerbitzuaren 2016ko jardueraren balantzea aurkeztu du. Alderdi nabarmengarrienen artean 19 laguntza-deialditan egindako kudeaketa dugu, zeinak gehien bat europar funtsez finantzatutakoak baitziren. Orobat, Proiektuen Zerbitzuak laguntza eta diru-laguntzen 42 deialdi antzeman zituen, udaleko sailei horien berri eman zien, eta parte hartzeko aukera aztertu zuten.

Kudeatutako europar deialdietan hauek dira nabarmengarrienak duten zenbatekoa edo garrantzi estrategikoa aintzat hartuz: hainbat azpiegitura egiteko FEDER kohesio funtsen azken justifikazioari dagozkionak, Europako Gizarte Funtsa, Urban programaren azken ziurtapena, energia eraginkortasunerako PIME’S proiektua, ureztatze sistemak optimizatzeko IRRIGESTLIFE proiektua, eskariaren araberako mugikortasuneko esperientzia pilotu bat garatzeko MOVESMART proiektua, bisoi europarra babesteko LIFE LUTREOLA proiektua, eta Koroatze auzoko birgaikuntza energetikorako SMARTENCITY proiektua. Azken horretarako Europatik 10 milioi euro inguruko laguntza eskatu da; horretaz gain, gainerako proiektuetarako lortu den europar finantzaketa orotara 20 milioi eurotik gorakoa izan da.

Eusko Jaurlaritzak 2016an egindako deialdietan ere esku hartu zuen Proiektuen Zerbitzuak, esaterako, HIRIGUNE programa, lurralde-proiektu turistikoak, irisgarritasun planak lantzea, eta udalaren jabetzako ikastetxeetan obrak egiteko UDALAGUNTZA programa.

“Hirien artean gero eta lehiakortasuna handiagoa dago beren proiektuetarako kanpoko finantzaketa lortzeko. Hala ere, harro egon gaitezke Proiektuen Zerbitzuko profesionalak egiten ari diren lan garrantzitsuaz, gure ezaugarriei ondoen egokitzen zaizkien laguntza-deialdiak bilatzen, inplikatutako sailak koordinatzen eta eskabideak tramitatzen”, adierazi du Nerea Melgosak.

Proiektuen Zerbitzuaren beste jarduera-eremu bat informazioa ustiatu, antolatu, tratatu eta aztertzearekin lotutakoa da, txostenak, analisiak, azterlanak eta ikerketak lantzeko xedez, hiriari buruz oro har eta gai zehatzagoei buruz, besteak beste, egitura demografikoari, ekonomia ehunari eta hiriko lan merkatuari buruz. Iaz, zehazki, 26 txosten eta azterlan argitaratu ziren. Gainera, 6 kolaborazio egin dira beste azterketa batzuetan, hala nola hiriko merkataritza-eskaintza, turismo iraunkorra edo gazteen artean sare sozialen erabilera aztertzeko lanetan. Orobat, 25 informazio-eskaera puntuali erantzun zieten.

Azkenik, Proiektuen Zerbitzua Gasteizen eta Angulemaren arteko senidetzearen 50. urteurrena ospatzeko jarduerak prestatzeaz arduratu zen, eta Gasteizko Udala “Urban Platform Initiative” eta “City Protocol” nazioarteko sareetan sartzea kudeatu zuen.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate