El Correo

Arabak artisautzaren lehiakortasuna sustatuko du

  • Cristina González: «Helburua da sektoreko lantegiak eta ekipamenduak modernizatzea»

Arabako Foru Aldundiaren Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak Arabako artisauen lehiakortasuna sustatuko du aurten, inbertsioetarako laguntza programa berritu baten bitartez. Programaren dotazioa 30.000 eurokoa da, baina handitu liteke; xedea da sektore horretako lantegiak, ekipamenduak eta kudeaketa tresnak modernizatzea.

Programa horretatik, iaz, 18.400 euro baino gehiago eman zitzaizkien artisau, enpresa eta elkarteen proiektuei, eta hala lortu zen ia 40.000 euroko inbertsioak gauzatzea. Hauek izan ziren, besteak beste, laguntza publikoen hartzaile: labeen eta LED proiektagailuen instalazioa; ehungailu bat eta estanpatzeko makina bat erostea; eta fresatzeko makina bat erostea.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak berriki onartu du inbertsioetarako laguntzen 2017ko deialdia, eta hainbat aldaketa egin ditu, sektorearen proposamenak entzun eta gero, zeina Arabako Artisautza Elkarteak ordezkatzen baitu. Deialdia gaur argitaratu da Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (ALHAO); eskaerak egiteko epea bihar, maiatzak 16, ireki eta ekainaren 6an itxiko da.

Programa honek Arabako artisauen lantegiak eta ekipamenduak modernizatzen lagundu nahi du, haien lehiakortasuna eta errentagarritasuna handitu, eta azpiegiturak eta kudeaketa hobetu. Sektore giltzarria da, tokiko kulturari egiten dion ekarpenagatik eta lanbide tradizionalei eusten dielako, eta lotuta dago, orobat, turismoarekin, adierazi du Cristina González arloko diputatuak.

Deialdia da Arabako artisautzaren erregistro orokorrean izena emanda edo inskribatzeko bidean dauden artisau, enpresa eta elkarteentzat, eta gauzatzen da inbersioetarako dirulaguntza emanez, berariazko makinak eta ekoizpenerako lanabesak erosi, muntatu eta instalatzeko, zeinak beharrezkoak baitira jarduera garatzeko. Dirulaguntzen xede dira, halaber, lantegiak eta lokalak eraberritzeko obrak.

Dirulaguntza, gehienez ere, % 80koa eta 4.000 eurokoa izango da makinak eta lanabesak erosteko bada; eta gehienez % 30ekoa eta 6.000 eurokoa lantegiak eta lokalak eraberritzeko bada. Lehen multzoko proiektuek izango dute lehentasuna, bai eta beste hauek ere: enpresaren lehiakortasuna nabarmen hobetzea dakartenek; artisautzako jarduerari eusteko konpromisoa indartzen dutenek; eta enpleguan eragina dutenek.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate