El Correo

5 milioi euro inbertituko ditu Gasteizko Udalak hurrengo lau urteetan herrietako garbiketan, makina berriekin eta politika iraunkorragoekin

5 milioi euro inbertituko ditu Gasteizko Udalak hurrengo lau urteetan udalerriko 63 herrietan garbiketa egiteko, etxe eta dendetako hondakinak jaso eta garraiatzeko, eta bio-hondakinak kudeatzeko. Gaur goizean onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko menpeko toki-erakundeei zerbitzua emango dieten lan horiek kontratatzeko dosierra, egungo garbiketa-zerbitzuaren aldean hobekuntza nabarmenak eginik.

Bi multzotan banatuta dago kontratua. Garbiketa-lanak eta etxe eta dendetako hondakinak jaso eta garraiatzeko lanak hartzen ditu lehen multzoak. Arlo horretan, menpeko toki-erakundeetako bide publikoak, natur inguruneak eta lorategiak behar bezain garbi egotea da Gasteizko Udalaren helburua. Bigarren multzoan, berriz, bio-hondakinak ingurumen-irizpideekin kudeatzea lortu nahi da, irizpide modernoago eta iraunkorragoekin, Europako egungo politiken ildotik. Hain zuzen ere, koordinazioa, prestakuntza, sentsibilizazioa eta aholkularitza baliatuko ditu Udalak, herritarrek hondakinak egokiro bereizten jakin dezaten, bereziki aintzat harturik frakzio organikoa, eta konposta egiteko sistema komunitarioak nahiz banakoak zabalduz.

Garbiketa ahalik eta modurik eraginkorrenean egin dadila lortu nahi da Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak eta Nekazaritza Eremuaren Zerbitzuak landu duten baldintza-agiriaren bitartez, garbiketa-zerbitzuaren maiztasunak, bitartekoak eta ibilbideak egokituz, une oro higiene-egoera egokia berma dadin. Izan ere, orain arte ez zegoen garbiketa-talde polibalenteak sortuko direla da kontratu berriaren berrikuntzarik nabarmenetako bat; bi pertsonek osatuko dituzte, eta hainbat baliabide izango dituzte: poltsak, bi jasogailu edo pala, gurdiak, sasiak garbitzeko makinak, haize-makina, hustubideak garbitzeko burruntzalia, pintaketak kentzeko tresnak, material xurgatzailea eta babes-tresnak. Kaleen garbiketa egingo dute talde horiek, paperontziak hustuko, lorategiak garbituko, hondakin handiak jasoko, hostoak erretiratu eta hustubideak garbituko, besteak beste. Orain arte, une desberdinetan eskaintzen ziren zerbitzu batzuk eta besteak.

Hondakinen bilketaren arloan ere egin da berrikuntzarik, atzeko kargako edukiontzi txikien ordez apurka-apurka 3200 litroko alboko kargako edukiontziak jarriko baitira, dagoeneko hirian funtzionatzen dutenak bezalakoak, zeinek efizientzia hobea eskaintzen baitute, zerbitzua kudeatzen duen enpresak horiek husteko orduan. Urteko plan bat aurkeztu beharko dute lehiakideek, eta zerbitzuak eta maiztasunak zehaztu, zein astean behingoak edo hamabostean behingoak izango baitira, menpeko toki-erakundearen premien arabera. Hautatzen den enpresak, gainera, makina berriak erosi beharko ditu, hala nola alboko karga duen hondakin-biltzaile berri bat, urez garbitzeko ekipo misto bat eta lau garbiketa-talde polibalente, besteak beste.

Hondakin organikoen tratamenduaren arloan ere politika berriak aplikatuko dira, aurreratuagoak eta ingurumenari dagokionez iraunkorrak. Zabor horren tratamendua orain arte bezala guztia batera egin ordez, herriz herri egingo den tratamendurantz joko da. Horrela, konpostatzeko lekuak jarriko dira nahikoa tamaina duten herrietan, konpost-ontzi batekin, eta inausketa-hondarrak biltzeko leku bat. Herri txikiagoetan, berriz, banako konpost-ontziak instalatzeko aukera eskainiko da, eta aholkularitza pertsonalizatua, etxez etxe.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate