El Correo

Gasteizek hirigintza-planeamendua eguneratuko du, 13 urte baitaramatza indarrean

  • Urtaranen gobernuak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspena aktibatu du, aholkularitza eta idazketa Trion-Usandizaga-Ekain aldi baterako enpresa-elkarteari esleituta

Urtaranen gobernuak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrikusteko aholkularitza eta idazketa kontratua Trion-Usandizaga, Arquitectura y Urbanismo-Ekain aldi baterako enpresa-elkarteari esleitzea onetsi du. Udalak 960.000 euro inbertituko ditu planeamenduko tresna horretan, zeina duela 13 urtetik ez baita berritu.

Hori gauzatzeko epea 30 hilabetekoa izango da. Udalerriko planeamendu berriak “lortu nahi dugun hiri iraunkorraren ereduaren” behar berriei erantzungo die. ”Hiria asko aldatu da indarrean dagoen plana onartu zenetik. Planeamendu hark hirigintza desarrollistaren ereduari jarraitzen dio; Gasteizek gaur egun dituen beharrak, ordea, birgaitzearekin, hiri biziberritzearekin eta ekonomia berpiztearekin dute zerikusia“, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

HAPO berria idazteko lanak ez dira zerotik hasiko. Izan ere, Urtaranen gobernuak beharrezko ziren bi prozesu garatu ditu aurretik eta aldi berean. Batetik, indarrean dagoen planeko alderdi zehatz batzuk berrikusi eta eguneratzea, Plan Orokorraren ponentzia politikoak aldian behin egindako bileretan; bestetik, zenbait alorretako adituekin egindako partaidetza-prozesua, “Gasteiz Berrasmatu” programaren bitartez.

Sortzen den bide-orriak zehaztuko du “etorkizuneko Gasteizen eredua, ziklo amaiera batean gaudela kontuan hartuz, aldaketa handiak gertatzen ari baitira populazioaren egituran, hiri dinamikan, hirigintzaren alorreko legedian berean eta, bereziki, guztiok gure seme-alabentzat nahiko genukeen hiriaren eredu sozial eta ekonomikoari buruzko kontzientzia kolektiboan”, azpimarratu du alkateak.

Onetsitako kontratuak alderdi hauek barne hartzen ditu: HAPOaren aurrerapena, behin betiko onespena, eta prozesu osoaren ingurumen-ebaluazio estrategikoa.

Agintaldiaren hasieran hitz eman zuen Urtaranen gobernuak HAPOaren berrikuspenaren buruan jarriko zela, tresna berri hori 2019rako prest edukitzeko. “Etorkizuneko Gasteizen hirigintza-plangintzaren ildo nagusiak ezartzea lehentasunezkoa da gobernu honentzat. Tresna hori eguneratu beharra dago, gaurkoz ez baitie erantzuten lortu nahi dugun giza eskalako hiri-ereduaren beharrizanei. Aurreko agintaldian mantso joan zen Plan Orokorra; orain, berriz, udal gobernuak prozesua azkartu nahi izan du, zeinean gainerako udal taldeen laguntza ezinbestekoa izaten ari baita, eta hala izaten jarraituko baitu aurrerantzean” nabarmendu du Gorka Urtaranek.

Plan Orokorra udalerriak eta hiriak antolatzeko tresna da. Horren bidez erabakitzen da udalerria nolakoa izango den, helburu edo estrategia jakin batzuetan oinarrituz. Oraingoan, helburua argia da: hiria barrurantz haztea, eta amaitutzat ematea lurzorua justifikaziorik gabe kontsumitzea, aldagai soziologiko eta iraunkorrak aintzat hartuz. Izan ere, planeamenduak zehazten du zein izango diren hiriaren ardatzak, zein lursailetan jarriko diren erabilera nagusiak, non kokatuko diren etxebizitzak, industriak, ekipamenduak, azpiegiturak… Orobat, birgaitu beharreko eremuak zein diren zehaztuko du.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate