El Correo

Gasteizko Kirol Zerbitzuak 348.000 euro emango ditu kirol jardueretarako diru-laguntzen deialdian

  • Saski Baskoniarentzako babesa ere onetsi du, saskibaloiko Euroligan parte hartzeagatik

Estíbaliz Canto zinegotziak gidatzen duen Kirol Zerbitzuak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak 2017ko kirol diru-laguntzetarako deialdia eta berariazko oinarriak onetsi ditu gaur, bai eta Saski Baskoniarentzako publizitate babesa ere, saskibaloiko Euroligan parte hartzeagatik.

Gobernu Batzarrak 2017ko kirol diru-laguntzetarako deialdia eta berariazko oinarriak onetsi ditu, orotara 348.000 euro banatzeko. Udalak udalerriko irabazi-asmorik gabeko entitateei kirol jarduerak antolatzen lagundu ohi die, batez ere aisialdiarekin eta herritarren partaidetzarekin lotutakoak, bi helbururekin: batetik, talde pribatuek Gasteizko herritarrentzako kirol eskaintza hobetu dezaten sustatzea; bestetik, kirol entitateei beren jarduerak garatzen laguntzea, elkarteetan oinarritutako egitura horien jarraipena, egonkortzea eta hazkundea bermatzeko ahal den neurrian, udalerriaren interesekoak direlakoan, bai planteamenduagatik beragatik bai haien ekintza eta helburuengatik.

Diru-laguntzak bost multzotan banatzen dira. A multzoan guztira 88.000 euro banatuko dira; jolas- kirola, ariketa eta kirol jarduerak, kirol ekitaldi herrikoiak eta, kirol eta prestakuntza campusak sartzen dira horretan. B multzoan —55.000 euro— Andre Maria Zuria, Olarizu eta Gasteizko Hiria txapelketak, oroimenezko probak eta tradizionalak (laugarren edizioa edo hortik gorakoa egiten dutenak) sartzen dira.

C multzoak lehia mugatuko kirol ekitaldi interesgarriak, estatu mailakoak edo nazioartekoak, barne hartzen ditu, eta 120.000 euro erreserbatzen dira horientzat. D multzoan 60.000 euro banatuko dira, euskal herri-kirolentzat. Azkenik, E multzoan, 25.000 euro emango dira kirol-taldeek Estatu mailako lehiaketa ofizial federatuen egutegian parte har dezaten.

Orobat, Gobernu Batzarrak Udalak Saski Baskoniarentzako publizitate babesa kontratatzeko dosierra onetsi du, saskibaloiko Euroligan parte hartzeagatik.

Lehiaketa-kirolak interes handia pizten du herritarrengan eta horrexegatik aginte publikoek sustatu eta indartu beharra dute. Kirol babesak oso baliabide interesgarriak dira mota eta oihartzun publiko ezberdinak dituzten kirol agerraldietan hiriaren marka zabaltzeko, parte hartzen den lehiaketak duen interesa eta hedabideetan lortzen duen garrantzia kontuan izanik; gainera, hirian bertan zein kanpoan jokatzen direnez, nazioarteraino ere iristen da.

Hori dela eta, udalaren interesekotzat jo da 157.300 euroko babesa ematea.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate