El Correo

Udalak nekazaritza ekologikoarekin lotutako beste bi ikastaro antolatu ditu, Basaldea proiektuaren barruan

Gasteizko Udalak “Nekazaritza ekologikoko makinak eta instalazioak erabili eta mantentzea” eta “Merkaturatzearen planifikazioa, nekazaritza ekologikoko ekoizpen txikientzat” ikastaroetan izena emateko epea ireki du. Enplegurako prestakuntzako jarduera horiek maiatzean emango dira, Basaldea proiektuaren barruan.

Ikastaroak Arkautiko Nekazaritza Institutuan eskainiko dira, Hazi fundazioaren laguntzarekin; nekazaritza ekologikoan profesional gisa jardun nahi duten eta alorrean prestakuntza edo esperientzia duten pertsonei zuzenduta daude. Makinak eta instalazioak erabili eta mantentzeari buruzko ikastaroak 40 ordu iraungo du, eta lanabesen erabilera ergonomikoa, traktorearen zaintza eta beste arlo batzuk landuko dira.

Merkaturatzearen planifikazioari buruzko ikastaroan, berriz, prezioekin eta ekoizpen agroekologikoa banatzeko bideekin lotutako erabakiak hartzeko orientabideak emango dira. Prestakuntzak 30 ordu iraungo du, 16 aurrez aurre (4 orduko 4 saio) eta 14 ordu bakarka, teknikarien jarraipenarekin.

“Basaldea proiektuan nekazaritza ekologian oinarritutako ekoizpen eta kontsumo ziklo oso bat besarkatu nahi dugu, eta prestakuntza funtsezkoa da horretarako. Datorren hilabetean abian jarriko ditugun ikastaroekin alor horretan aurrerapausuak ematen jarraituko dugu, eta ateak irekitzen ditugu alor horretan gero eta pertsona gehiagok abiaraz dezaten enpresa-proiektu bat ”, azaldu du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Merkaturatzeari buruzko ikastaroan izena emateko epea maiatzaren 5ean bukatuko da; mantentzeari buruzko matrikula, aldiz, maiatzaren 12ra arte egongo da zabalik. Matrikularen prezioa 40 euro da, eta leku hauetan egin daiteke: herritarrei laguntzeko bulegoak, CETIC (Castro Urdiales kalea, 10), Ignacio Ellacuría ikastegia(Castro Urdiales kalea, 12) eta Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoa.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate