El Correo

Asteburu honetan Victoria P. Mirandak hartuko du parte Danzálavaren barruan

  • Altraste Danza taldeak Jose Uruñuela dantza kontserbatorioarekin eta Pas de Basque guraso elkartearekin batera gidatutako proiektuak aurreikusitako lau topaketen arteko hirugarrena egingo du

Eusko Jaurlaritzak New Yorkeko Merce Cunningham eskola ospetsuan ikasteko beka eman zionetik hogeita bost urtera, Victoria P. Miranda Euskal Herrira itzuli da Danzálava proiektuan parte hartzera. Gasteizen sortutako proiektuak dantza garaikideko profesionalei sostengua emateko xedea du, hiru jarduera-ildoren bidez: interpretea, sortzailea eta publikoa.

Dantza garaikidea lantzen eman dituen urte hauetan guztietan Mirandak bereganatu eta garatu duen mugimenduaren lengoaia ezagutzeko parada izango dute gasteiztarrek, apirilaren 23an (larunbata) egingo duen koreografia erakustaldian, TAE-Antzerki eta Arte Eszenikoen Eskolan (Errege-Erregina Katolikoen kalea). Victoriak “I leave the lights on” lanaren zati bat aurkeztuko du, eta ondoren publikoarekin hitz egingo du. Sarrera doakoa da, baina gonbit-txartela eskatu beharra dago, lekuak mugatuak baitira. Antzerki eskolan bertan edo altrastedanza@gmail.com posta elektronikora idatziz eskuratu daitezke txartelak.

Orobat, Victoria P. Mirandak dantza profesionalentzako lantegia emango du José Uruñuela udal dantza kontserbatorioan, eta koreografia asistentzia eskainiko “El fin de las cosas” pieza lantzeko. Lan hori Eva Guerrerok zuzentzen du, eta Garazi López de Armentia eta Aritz López dantzari arabarrek hartzen dute parte; Karrikan proiektuaren, Eusko Jaurlaritzak dantza produkziorako emandako laguntzen eta Leioako Umore Azokaren sostengua du. Pieza maiatzean estreinatuko da, Hendaian. Harremanak eta hartzen ditugun erabakiak ditu gaitzat, horien eragina ondoan ditugun pertsonengan, isiltzen eta egiten ez dugunaren eta esan eta egiten dugunaren arteko mugan.

Victoria P. Mirandak gutako bakoitzarengan dagoen esentziak eramaten uztea proposatzen du, fisikoa nagusitzen den egoera primario batera heltzeko, ohiko patroiak aldatuz nork bere burua harritu eta ekintzek bere kabuz hitz egin dezaten; hartara, sinpletasunak “gutxiago gehiago da” esaldia baieztatuko du. New Yorkeko Cunningham eskolatik eta Londresko The Place-tik igaro ondoren, Miranda Angerseko CNDC L’Esquisse dantza garaikideko zentroan (Frantzia) instalatu zen. Bere ibilbidean goi mailako talde eta profesionalekin egin du lan: Carmen Wernerren Provisional Danza konpainia, Nicolas Rambaud, Cocoon Dance Company, Arrieritos danza, Linga Company, Johannes Wieland, Staatstheater Kassel, Eric Trotier eta Phillip Tallard.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate