El Correo

Udalak bere nortasun digitala eguneratu du

  • Urtaran alkateak sare sozialetan udal sail eta zerbitzuen presentzia eguneratu eta koordinatzeko estrategia aurkeztu du

Berriki, Udalak prozesu bat garatu du udal zerbitzuek estrategia komuna izan dezaten hedabide sozialetako presentzia eta herritarrekiko harremana hobetzearren. Gaur goizean aurkeztu du Gorka Urtaran alkateak 2015eko amaieratik garatu den estrategia, zeinaren emaitza “Komunikazioa eta hedabide sozialak. Kudeaketa eta estrategia Gasteizko Udalean” izeneko barne eskuliburua baita; horixe izango da udalaren hedabide sozialentzat bide bateratu bat urratzeko tresna nagusia.

“Sare sozialak eta bat-bateko komunikazio-sistemak pertsonek ingurunearekin erlazionatzeko gehien erabiltzen duten komunikabideetako bat bihurtu dira. Gainera, hiriaren iritzia ezagutzeko bide ematen dute, eta bertatik bertara ezagutu daiteke benetan zer gertatzen ari den; beraz, udal gobernuak garbi zuen Udalaren nortasun digitala berraztertzeko premia genuela, Udalak erakunde arin eta hurbila izan behar baitu, gero eta pertsona gehiagok osatzen duten komunitate batekiko elkarreraginean“, azaldu du alkateak.

Udalak 2008an ireki zituen lehen kontuak sare sozialetan, eta geroztik, urtez urte hazi da udal profil eta zerbitzuen kopurua.

2015eko amaieran, profil eta kontu horiek aztertzeko eta Udalak bitarteko horietan bideratzen zituen ekintzen irismena zehazteko beharra antzeman zen, bai eta hedabide horietan egon nahi zuten udal zerbitzu eta entitateentzat bide bateratu bat urratzeko beharra ere.

Hori dela eta, hainbat sail eta erakunde autonomotako 40 langilek osatutako talde bat bildu zen 2016ko urtarriletik martxora bitartean eta, besteak beste, komunikazio-ekintza horien inplikazioak identifikatu zituzten, eta planifikazio egokiaren garrantzia zein beharrezko baliabideak mugatzeko premia egiaztatu, Udala komunikabide sozialetan egotea erraztearren.

Lan hori “Komunikazioa eta hedabide sozialak. Kudeaketa eta estrategia Gasteizko Udalean” izeneko agirian jaso da, non hedabide sozialen aplikazioak eta aukerak azaltzen baitira, bai eta erakundeak hedabide horietan egiten dituen komunikazio-ekintzekin lotutako prozedurak eta zereginak ere.

Eskuliburua agiri bizia da, eta bertan jasotzen dira erakundearen profil bat ireki aurretik kontuan hartu beharreko jarraibideak eta interakzio ereduak; orobat, herritarrei nola erantzun, mezuak nola modulatu eta informazio-iturriak nola tratatu azaltzen da. Horretaz gain, sare sozialetako profil bakoitza ebaluatzeko eredua ematen du, haien arrakasta eta bideragarritasuna zehaztearren, eta barne erabilerarako aplikazio praktiko batzuk eskaintzen ditu, sare sozialetako profil eta kontuen kudeaketa hobetzearren.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate