El Correo

28 ostalaritza establezimenduk hartuko dute parte Arabako Errioxako uzta berriko ardoen WINE BERRIA jaian

Gasteizko Udalak, Vital fundazioak eta Vitoria-Gasteiz Wine City elkarteak 2016ko uzta berriko ardoen Wine Berria jaiaren lehen edizioa aurkeztu dute, zeina martxoaren 24an eta 25ean izango baita. Orotara erdialdeko 28 ostalaritza-establezimenduk hartuko dute parte ekimenean, Arabako Errioxako 26 upeltegitako azken urteko ardoak eskainiz. Establezimendu bakoitzak gutxienez bi ardo desberdin eskainiko ditu; horretaz gain, Wine Berria jaiaren barruan dastatze profesionala antolatu da, ostalaritza eta ardogintza sektoreetako bi pertsona nabarmenen ibilbidea aitortuko da, eta musika-giroa izango da bi egunetan.

Wine Berria jaia gehien bat kalean garatzea da asmoa. Gasteiz On elkartearen laguntzarekin, lehen edizio honetan Prado, Mateo Moraza eta Posta kaleetako zein Loma Jeneralaren eta Andre Maria Zuriaren plazetako zein Plaza Berriko ostalaritza-establezimenduek hartuko dute parte, gehi Azoka plazako gastro-tabernek. Orotara 28 establezimendutan garatuko da jardunaldia, ostiraleko 18:00etatik hasi eta larunbat osoan. Andre Maria Zuriaren plazako landarezko eskulturan topa eginez emango zaio hasiera sinbolikoa ospakizunari ostiralean, martxoak, 24, 19:30ean.

“Jai hau Gasteiz ardoaren hiria bihurtzeko beste egokiera bat da, ardogintza eta ostalaritza sektoreak ekimen honetan zuzenean inplikatuz, eta urteekin sendotzea espero dugu, bisitak erakarri eta sektorearen jarduera dinamizatzearren”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Vital fundazioaren zuzendariJosune Albizuk, berriz, azpimarratu du entiteak “egindako apustua Arabako lurraldea sustatzen jarraitzeko, ekonomia, kultura eta gizarte garapenari laguntzen dion orori bereziki erreparatuz. Horretarako, garrantzitsua da Gasteizen hiriaren eta ardoarekin lotutako agenteen arteko harremanak garatu eta ezartzen ahalegintzea, eta ardo arabarraren ezagutza eta kontsumoa sustatzea, kalitateko produktua den aldetik”.

ABRA-Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteak ere esku hartzen du Wine Berria jaian, establezimenduetan egongo diren upeltegiak koordinatzen baititu. Oraingoz, 20 enpresak baino gehiagok aurkeztuko dituzte ardo berriak. Parte hartzen duten tabernei Arabako Errioxako bi upategitako ardoak izatea eskatu zaie. Gainera, larunbat goizean ABRAk dastatzea egingo du profesionalekin, Azoka plazako instalazioetan.

Ostiral arratsaldean, Claustrum Armonicum abesbatzak eta Biotzarrak fanfarreak girotuko dute Arabako Errioxako ardo berriaren lehen jaia. Larunbat eguerdian Swingvergüenza elkartea arduratuko da ekitaldia girotzeaz, eta Rockalean taldeak rock-kalejira egingo du erdialdean, 19:30etik 21:30era. Bestetik, ostiralean, 18:00etan, Gasteizekin lotura duen ardogile baten eta Arabako Errioxako ardoekin lotutako ostalari baten ibilbideaaitortuko da Montehermoso jauregian. Horretaz gain, jaian gehien inplikatu den establezimendua sarituko da amaieran. Halaber, herri bozketaren bidez Wine Berrian dastatutako ardo onena zein den erabakiko da, establezimenduetan bertan.

Vitoria-Gasteiz Wine City elkarteak Arabako Errioxako ardoen lana eta kalitatea nabarmendu nahi dute, Gasteizko herritarrak horretaz harro baitaude. Horixe da 2016ko uzta berriko ardoen jaiaren helburu nagusia. “Ardo freskoak dira, koloreagatik eta fruta-zaporeagatik bereizten direnak, gasteiztar orok gozatzeko modukoak” adierazi du Wine Cityko bozeramaile Valentin Basañezek.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate