El Correo

Udala Gasteizko hirigunea birgaitu, biziberritu eta berpizteko plan bat azkentzen ari da

  • Gorka Urtaran alkateak eraikinetan eta espazio publikoetan esku hartuko dela eta Udalaren, ekimen pribatuaren eta merkataritza eta ostalaritza agenteen artean politikak koordinatuko dituztela iragarri du

Udala Gasteizko hirigunea birgaitu, biziberritu eta berpizteko plan integral bat azkentzen ari da, zeina datozen asteetan aurkeztuko baitie zabalguneko gizarte, merkataritza, ostalaritza eta ekonomia agenteei, “erdialdeari hiriburuak merezi duen indarra eta tokia itzuliko dion” estrategia bat zehazteko. “Lantzen ari garen plana ez da itxia, zerikusia duten eragile nagusien proposamenei irekia baizik. Indarrak batzea da asmoa, ekimen publiko eta pribatuak koordinatzea, eta Gasteizko erdialdeari distira eta jarduera itzultzea”, iragarri du Gorka Urtaran alkateak.

Udalak zenbait hilabete daramatza hirigunea biziberritzeko estrategia lantzen. Izan ere, azken hamabost urteetan, Gasteizko hiri plangintzak gehien bat hedatzeko eredu bati lotu jarraitu dio, lurzorua kontsumitzean eta auzo berrietan espazioak eta bizitegi-eraikinak eraikitzean oinarritua. Horren ondorioz, hiri sendotuan aurretik zeuden azpiegitura eta espazio ugarik oso jarduera, okupazio eta erabilera txikia dute, edo bat ere ez.

Udal gobernuak agintaldi honetarako hartutako konpromisoetako bat Gasteizko hirigunea birgaitu, biziberritu eta berpizteko plan bat aktibatzea da, pixkanaka hainbat lekutan hobekuntza proiektuak abiatuz, esaterako, berriki iragarri diren eraberritze-lanak: San Ignazio Loiolakoaren kalea, San Anton plaza, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, Laudio plaza, eta beste.

Udal gobernuak argi du erdialdean esku hartu beharra dagoela, eta helburu horixe du gaur alkateak iragarri duen proiektuak.

Gasteizko zabalguneko biztanleria gero eta zaharragoa da, bizilagun gutxiago dira —10 urtetan 1.000 biztanle galdu ditu—, eta establezimenduen kopurua ere etengabe gutxitu da azken bost urteetan. Banka eta aseguruen sektoreak (establezimenduen % 45) eta merkataritza eta ostalaritzak (% 32) dute presentzia handiena. 2016ko abenduan 2.167 areto zeuden, eta 8.048 enplegu ematen zuten.

Gasteizko Udalak jarduera sortu nahi du orain erabiltzen ez diren edo gutxi erabiltzen diren leku eraiki edo sendotuetan, eta esku hartzeko premia nabaria duten hiri espazioak hobetu.

Planaren bidez, batetik, dagoeneko sendotuta dauden espazioak eta eraikinak hondatzea eragotzi nahi da eta, bestetik, udalerriarentzat emaitza positiboak lortzea, gizartearen eta ekonomiaren ikuspuntutik. Azken batean, hiriko espazio eta eraikuntza sendotuei ahalik eta etekin handiena atera, interes orokorra bilatuz eta hiriaren erdialdeko kale nagusietan jarduera ekonomikoa akuilatuz.

Udal gobernuaren agintaldirako plan estrategikoan jasotako “3 B-en” filosofian oinarritutako hiru ardatz horiek hainbat jardueratan gauzatuko dira, zeinak datozen hilabeteetan ezagutaraziko zaizkie inplikatutako alderdiei. Alkateak hauek gogorarazi ditu, besteak beste:

Espazio publikoak biziberritzeko ekintzak, Bost Enparantza plana, esaterako, erdiguneko kale nagusien itxura aldatu eta gizarte bizitzak —eta harekin batera, ostalaritza eta merkataritza jarduerak— leku gehiago izan dezan.

Eraikinak berrerabili eta birgaitzea: Udalak Dato kalean zituen bulegoak, Kutxabanken jabetzakoak; San Prudentzio kaleko 30.eko eraikina, non Gizarte Ongizaterako Foru Erakundea kokatuko baita; Florida kalean Errioxa kaletik gertu dagoen orube batean aurreikusitako jarduera, edo garai bateko Goya gasolindegia turismo bulegoa bihurtzea. Udala erdialdeko zenbait eraikinen jabeekin batera zehazten ari den ekintzen adibideak dira horiek, hirigunea bizitzaz betetzeko asmoz.

Merkataritza eta ostalaritza berpiztea da Gasteizko erdialderako planaren hirugarren ardatza; hirigintza eragiketa hutsez gain —Arich-en egoitza izandakoa saltoki bihurtzea, kasu—, sektorearekin hitzartutako ekintzak eta politikak garatuko dira.

Estrategia horiek guztiek jarduera-eremu hori arautzen duen hirigintza ordenantzaren (OR-2) bokazioa lehenestera bideratuta daude, bizitegi eta merkataritza erabilerak sustatzea aurreikusten baitu.

Alkatearen ustez, plana “indarrak batzeko eta hainbat interes helburu komun batera bideratzeko aukera da, alegia, hiriaren erdialdea eraginkortasunez eta efizientziaz eraldatzea. Interes orokorra lehenesten duen eztabaida planteatuko dugu, hirigintza aldaketetatik etor daitezkeen diru-sarrerak espazio publikoak hobetzen erabiltzeko eta ekonomia, merkataritza eta ostalaritza agenteekin adostuta jarduera integrala egiteko”.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate