El Correo

Arabako altzarien merkataritzak kanpaina bat abiarazi du, “Birdekoratu zure etxea”, % 20ko deskontuekin

  • Arabako Foru Aldundiak finantzatu egingo du AEnkomer-en ekimen hau

AEnkomer Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresariek kanpaina bat abiarazten dute gaur, “Birdekoratu zure etxea” izenekoa, altzarien sektoreko salmentei bultzada bat emateko urtearen amaiera aldera, kontsumitzaileei deskontu nabarmenak eskainiz. Herritarrek 5 euroan eskuratu ahal izango dute bono bat, eta, horrela, beren erosketetan % 20ko deskontua egingo zaie abenduaren 30a arte.

Arabako Foru Aldundiaren Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailaren laguntza izango du ekimen horrek, AEnkomer-ekin sinatutako elkarlan hitzarmenaren bitartez. Hitzarmena 35.000 euroz hornitua da, eta sektorearen lehiakortasuna hobetzeko hainbat ekintza finantzatuko dira beraren bidez; besteak beste, merkatari eta kontsumitzaileen artean kanpaina honen zabalkundea eta sustapena egitea.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak, Alberto Carbajo AEnkomer elkartean altzarien sektorearen ordezkari eta Alamu elkarteko presidenteak eta Edurne Parro AEnkomer elkartearen zuzendari kudeatzaileak aurkeztu dute “Birdekoratu zure etxea” kanpaina, eta kontsumitzaileak animatu dituzte parte hartu eta probetxu atera diezaietela etxebizitza altzariz hornitzeko eskainiko diren deskontu nabarmenei.

“Foru Aldundiak merkatari txikien garapen eta lehiakortasunaren alde egiten du haiek kokatuta dauden hiri inguruak hobetuz, belaunaldien arteko ordezkatzea lagunduz edo negozioa berregituratzen lagunduz, hala behar bada. Halaber sektoreko elkarteekiko hitzarmen bidez, finantzatzearren “Birdekoratu zure etxea” bezalako kanpainen edo “Bonodenda” bezalako kanpainen zabalkundea, adierazi du Gonzálezek.

Ankomer elkartearen ordezkariek nabarmendu dute honako hau dela elkarteak sustatzen duen era honetako laugarren kanpaina, eta, beren ustean, baiezta daiteke ezen, emaitza onak izan direlarik, "kanpaina erakargarria dela hala altzari dendentzat nola kontsumitzaileentzat”. 2016ko kanpainaren ostean, salmentak, guztira, 1,6 milioi eurokoak izan ziren, eta transakzioak % 25 hazi ziren, adierazi dute Carbajok eta Parrok.

“Birdekoratu zure etxea” kanpainaren helburua da Gasteizko eta Arabako altzarien xehekako merkataritzaren salmentak sustatzea, aukera emanez kontsumitzaileei erosketak deskontu nabarmen batekin egiteko. Deskontuaz baliatu nahi direnek 5 euroko bono bat erosi behar dute, eta, haren bidez, % 20ko deskontua lortu ahal izango dute saltoki atxikietan altzariak erostean.

Interesa izanez gero, gaurtik bertatik eskura daitezke bonoak Caja Rural de Navarraren bulegoetan eta AEnkomerrek Gasteizen dauzkan bulegoetan (Cuchillería kalea, 61) eta Laudioko Apill elkartearen egoitzan (Zumalakarregi kalea, 33). Kanpainari atxikitako saltokien zerrenda AEnkomer elkartearen web orrian dago kontsultatzeko moduan (www.aenkomer.com; une honetan, 30 inguru saltoki daude atxikita.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate