El Correo

Amurrio Bidean, hamarkada bat tokiko ekonomia-sustapena eraldatzen

  • Amurrio Bidean Refor Amurrio Enpresaldea eraikinean dago; garai batean erreformatorioa zen, eta berritu egin zuten, enpresen haztegi eta zentro bihurtzeko

2006ko azaroan, Amurrioko Udalak Amurrio Bidean sozietate publikoa sortu zuen, tokiko garapena sustatzeko asmoz. Horretarako, Udalak ekonomia-sustapenarekin lotuta ematen zituen zerbitzu guztiak erakunde bakarrean pilatu nahi izan zituen. Helburu nagusia zen enpresa-sarea eta lan-merkatua dinamizatzea, hainbat jarduketa-ildoren bidez, enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta, aldi berean, enpresa-ekimen berriak agertzea eta udalerrian enplegua sortzea ahalbidetzeko.

Amurrio Bidean Refor Amurrio Enpresaldea eraikinean dago; garai batean erreformatorioa zen, eta berritu egin zuten, enpresen haztegi eta zentro bihurtzeko. Prestakuntzarako eta bilkuretarako gelak daude bertan, baita hainbat neurritako moduluak ere; horietan, leku fisiko bat behar duten enpresa berriak zein finkatuak ezar daitezke. Hamar urte hauetan 35 enpresa baino gehiago igaro dira zentrotik, eta gaur egun 7 daude.

Enpresen sorkuntza sustatzea eta babestea da Amurrio Bideanen helburu nagusienetako bat; horretarako, bideragarritasun-planak egiteko aholkularitza eta laguntza ematen duten langile espezializatuak ditu. Urte hauetan 718 pertsona baino gehiagori eman diete laguntza, eta horietatik 164k enpresa-ekimenen bat jarri dute abian.

Enpresa berri bat martxan jartzen denean oztopo gainditu behar izaten dira; horregatik, Amurrio Bideanek enpresei babesa emateko eta finkatzen laguntzeko zerbitzu bat dauka. Horren bidez, enpresek hainbat gairi buruzko aholkularitza jasotzen dute (negozio-eredua, marketina, finantzaketa-bilaketa…) eta lehiakortasuna hobetzea helburu duten programen eta metodologien berri izaten dute.

Ildo horretan, zenbait alderdi aztertu ditu hainbat proiekturen bidez, hauek, esaterako: trakzio-enpresen eta azpikontratisten arteko harremanak, tokiko enpresen gaitasunak, eta lehiakorrak izaten jarraitzeko eta erronka berriei aurre egiteko behar diren trebetasunak. Ondorioz, askotariko ekitaldiak antolatu ditu: jardunaldiak, prestakuntza espezializatuko ikastaroak, lantaldeak, networking saioak, eta abar. Horien guztien helburua da eskualdeko langileen lehiakortasuna hobetzea eta haien talentuari balioa ematea.

Amurrio Bideanek beti jakin izan du aktibo garrantzitsuenetako bat pertsonak direla; hori dela eta, hasiera-hasieratik arreta berezia eman dio langabetuen nahiz langileen prestakuntzari, ikastaroak eta programak diseinatuz. Ekintza horien bidez, gainera, ikasleak harremanetan jartzen dira sektoreko enpresekin, proiektuen eta praktiken bitartez. Ildo horretan, eta datu eguneratuak edukitze aldera, ohikoa da aldian behin eskualdeko enpresen prestakuntza-beharrei buruzko azterlanak egitea.

Azken urteotan, ingurumenarekin lotutako gaiei buruzko sentsibilizazioa areagotu egin dela ikusita, Amurrio Bideanek zenbait programa gauzatu ditu Amurrioko Udaleko Ingurumen Sailarekin, gai hauen inguruan: hondakinen kudeaketa, energia-eraginkortasuna, hondakinen baterako bilketa, ekologia industriala, eta abar.

Era berean, erakundeak hainbat kanpainatan parte hartu du tokiko merkatari eta ostalariekin batera. Apustu handia egiten du merkataritza txikiaren rola indartzearekin zerikusia duten ekimenen alde; izan ere, uste du beharrezkoa dela tokiko produktuaren ikusgarritasuna handitzea eta turismoa sustatzea.

Hamar urteotan, Amurrio Bidean bere inguruko enpresen eta pertsonen beharretara egokitu da. Hain zuzen ere, bere ardatz eta motor nagusia behar handiena dutenei laguntzea izan da (eta oraindik ere hala da); alegia, ekintzaileei, mikroenpresei, langabetuei eta lehen enpleguaren bila dabiltzan gazteei. Programa espezifikoak diseinatu ditu horientzat guztientzat.

Hori dela eta, aurten ere zenbait programa aitzindari gauzatzen ari da, hautemandako gabeziak arintzen laguntzeko aukera berriak sortze aldera. Hala nola: Aiarako Demola (tokiko enpresek erronkak aurkezten dituzte, gazte kualifikatuen laguntzarekin ebazten saiatzeko; horrela, berrikuntza irekia sustatzen da), Aiara Industry 4.0 (mikroETEek zer onura atera dezaketen 4.0 industriak eskaintzen dituen metodologia eta tresnetatik), eta nekazaritzako elikagaien sektorerako instalazio partekatuak edukitzearen beharrari buruzko azterlan bat.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate