El Correo

Euskararen Astea, eragile euskaltzaleekin antolatua, hilaren 26an hasiko da ‘Gasteizen 365 egun euskaraz bizi nahi dugu’ lelopean

Abenduaren 3an Euskararen eguna ospatuko da, eta Gasteizko Udalak gaur goizean 2016ko Euskaren Asterako egitaratua aurkeztu du Oihaneder Euskararen Etxean. Arabako Foru Aldundiarekin eta hainbat talde euskaltzalerekin batera antolatutako hainbat jarduera eskainiko dira azaroak 26tik abenduaren 3ra.

“Gasteizen 365 egun euskaraz bizi nahi dugu” lema duen programa azaroaren 26an hasiko da. Mintzodromoa, Kantari Gasteiz karaokea, kontzertuak, antzerkia, erakusketak, filmak eta kalejira bezalako ekimenak egingo dira. Euskara Zerbitzuko zinegotzi Iñaki Prusillak nabarmendu egin du Euskararen Astean parte hartzen duten taldeen lankidetza, eta Gasteizen egingo diren ekitaldietan, bereziki abenduaren 3an, parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak. Igone Martinez de Luna Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatuak lurralde guztiari egin die gonbidapena “urteko 365 egunetan zehar euskaraz bizitzeko” eta erakunde eta elkarteen arteko “elkarlana” ere azpimarratu du, “euskararen erabilera sustatzeko denok baikara behargarri”.

Jarduerak larunbat honetan hasiko dira, hilaren 26an, eta mintzodromo familiarra eta Jon Maiaren hitzaldia izango da Zabalgana auzoan, etorkinen integrazioa eta bertakoen egokitzapenari buruzkoa. Azaroaren 27an Kantari Gasteiz Karaokea egingo da, Vital Fundazioaren laguntzarekin. 29an, berriz, Kirmen Uriberen azken nobelaren aurkezpena egingo da Oihaneder Euskararen Etxean. 30an, Oihaneder Euskararen Etxeak goizean #Gasteizenbaieuskarari mintzodromoa hartuko du eta arratsaldean, 19tan, ‘Aginako zero bat’.

Abenduaren 1an ‘Mami lebrun’ delako antzezlana izango da Principal Antzokian, Xake Produkzioak ekoitzia. Lan hau 2an errepikatuko da, hainbat zentrotako ikasleentzat. 2an, gainera, Euskararen Ginkanaren finala egingo da Oihaneder Euskararen Etxean, eta 2016ko Vitoria-Gasteiz itzulpen sariak banatuko dira.

Abenduaren 3an, Euskararen Eguna ekitaldiz beteta egongo da. Zikoinak filma ikusgai egongo da Florida zinemetan umeentzat, Euskaraz Bizi Nahi dugu bertso bideo-kliparen aurkezpena egingo da Arabako Bertsozale Elkartetik eta Alea aldizkariak jarriko duen Erronken Zuhaitza inauguratuko da. Euskararen erabileraren eguna ospatzeko, gainera, Kalejira egingo dute elkarteeek Andre Maria Zuriaren plazaraino, Oihanederretik; eta bertan Euskarak 365 egun kandelen mosaikoa piztuko da.

Hauek dira programazioaren antolaketan parte hartu duten eragileak: Geu elkartea, Bai Euskarari Elkartearen Ziurtagiria, Alea aldizkaria, Euskaltzaleon Topagunea, Euskara Zabalduz Zabalganan, Laboral Kutxa, Arabako Bertsozale elkartea, Jimmy Jazz Gasteiz, UPV-EHUko Mikel Laboa katedra, Vital Fundazioa, Diario de Noticias de Álava, eta Principal Antzokia.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate