El Correo

Lazarraga Sariak Arabako bost entitate aitortu ditu euskararen presentzia txertatu eta hedatzeagatik

  • Adigrafik, Txema Pascual, Etxeko Baratza, Lautada Bizirik eta Ciudad Jardínek egunero euskararekiko egiten duten esfortzua azpimarratu nahi izan dute Arabako Foru Aldundiak eta Bai Euskarari Ziuragiriaren Elkarteak

Lazarraga Sariek laugarrenez nabarmendu dituzte Arabako esparru sozioekonomikoan euskara txertatzeko eta hedatzeko lanak daramatzaten entitateak. Euskararen sustatzeagatik egindako ahalegina aitortzea eta goraipatzea xede nagusia izanik Adigrafik, Txema Pascual (Artepan), Etxeko Baratza, Lautada Bizirik eta Ciudad Jardín izan dira sarituak, urtean zehar, bakoitza bere alorrean, euskararen alde aurrera eramandako ekimenengatik. Lazarraga aitzindaria izan zen euskaraz idatzi zuelako; haren izena hartu duten Lazarraga Sariak ere aitzindariak dira eta saritutako enpresak ere aitzindariak dira; euskararen normalizaziorako bidea urratzen aitzindariak.

Amarika Aretoan izan den sari banaketan lurraldeko enpresa eta elkarte askoren ordezkariak izan dira, antolatzaile diren Arabako Foru Aldundiaz eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteaz gain. Aldundiaren partetik diputatu nagusiordeak, Pilar García de Salazarrek, hartu du hitza “ezinbestekoa da gizartea oro har, eta bereziki esparru sozioekonomikoko eragileak informatzea, egunez egun daramaten lan isila ozen aldarrikatzeko eta hizkuntza-normalizazioaren prozesuan muina eta partaide direla konturarazteko”, azpimarratzeko. Berarekin Rober Gutiérrez, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendaria, izan da eta nabarmendu du Arabako etorkizuna euskaraz pentsatu eta eraiki behar dela. Gainera, aurrera begirako erronka aurkeztu du: “Araban euskaraz lan egitea, euskaraz ekitea, euskaraz sortzea, euskaraz berritzea, euskaraz saltzea eta erostea, egunerokoan euskaraz normaltasun osoz aritzea posiblea bada, gure ongizatea handiagoa izango baita”.

Aurtengo laugarren edizioa “Lanabes, Araban Euskara Lanean” egitasmoaren barruan kokatuko da. Lanabes proiektuko talde eragilean, Arabako Foru Aldundia, SEA Arabako Enpresariak, Arabako Merkataritza eta Industria Ganbara, Arabako Merkataritza Federazioa, Laneki, Electra Vitoria eta Oreka It enpresak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea ari dira elkarlanean Araban euskararen presentzia sustatzeko eta handitzeko helburuarekin.

Epai-mahaiak garbi izan ditu irabazleek saria jasotzeko dituzten argudioak. Adigrafik Amurrion dagoen eta sektorean 25 urteko esperientzia duen diseinu grafikoen eta web diseinuen enpresa da. Hala ere, urte batzuk lehenago arte grafikoetan jardundako enpresa da, diseinu-estudio eta zentro grafiko gisa sendotutakoa; gaur egun, teknologia berrietara egokitzen dira urrats bat harago emateko. Bertan kontratazio berrietan euskaldunek lehentasun osoa dute eta hizkuntza paisaia zein kanpo harremanetan euskara hobesten dute. Barne komunikazioan euskararen erabilera nabaria da euskararen aldeko jarrera aktiboa.

“Saritua izateko irizpide ugari jasotzen dituen enpresa da eta beraien jardunak erakusten duen osotasuna azpimarratu da, enpresaren egiteko guztia eta partaide guztiak kontuan hartzen dituen eredua da”, esan dute epaileek.

Artepan 1983an sortutako artisau-okindegi eta gozotegia da. Bertan Txema Pascual da arima, Gasteizeko euskararen agenda erreferente bilakatu den pertsona, bai barrura begira egiten ari den lanagatik, langileekin euskararen presentzia, erabilera eta ezagutza bultzatzen ari delako etengabe. Eredu da egiten ari den bidean beste askorentzat. Enpresan arduradun bat, gidaria egon ohi da eta euskararen normalizazioari begira bera da bultzatzaile nagusia. “Artepan enpresan euskara plana dute eta hori posiblea da bere lidergoaren bitartez. Sari honen bidez Arabako enpresetan pertsonek duten lidergo gaitasuna agerian jarri nahi dugu”, esaten du erabakiak.

Etxeko Baratza Kanpezuko Orbisoko familia enpresa txiki bat da, 55 hektarea ingururekin nekazaritza ekologikoan diharduena. Kanpo harremanetan, tiketak, produktuen inguruko informazioa, hizkuntza paisaia etab euskaraz ematen dute eta barne harremanetan euskara hutsean jarduten dira. Administrazioarekiko harremanak euskara hutsez egiten dituzte eta ahozko harremanetan euskaraz jardutera gonbidatzen dute bezeroa haien jarrerarekin. Kalitatezko lana eta zerbitzua eskaintzeko euskara ezinbestekoa egiten zaie eta aurrerantzean lanean jarraitzeko asmoa dute gure hizkuntzaren alde.

Lautada Bizirik Lautadako merkataritza, ostalaritza eta gainerako zerbitzuetako lehenengo elkartea da eta ACICSA eskualdeko merkatarien elkartea. Euskararen presentzia bermaturik dago antolatzen dituzten jardueretako txartel, aurkezpen eta abarrekoetan eta Aguraingo 75 ordu euskaraz egitasmoan ere parte hartze eta jarrera ona erakutsi dute bertako merkatariek. “Zerbitzua euskaraz eman eta lan egiteko hartu dituzte neurriak. Kanpoko komunikazio oso aproposa diharduten esparrua kontuan harturik. egin duten apurraz haratago, aurrera begira duten potentziala saritu nahi da”, dio epai-mailak.

Eta azkenik Ciudad Jardín Vitoria-Gasteizko Institutua gizartearen zerbitzura dagoen Lanbide Heziketako Ikastetxe Publiko bat da.Etorkizunerantz aurrera doaz bere prestakuntza-eskaintza inguruko enpresen beharretara eguneratuz eta bere gelak teknologia berrienaz hornituz. Euskaraz egindako prestakuntza egiteko plana, Arabar Lurraldean bere ikastetxeko ikasleek Lan Praktikak euskaraz egin ahal izateko ahalegina handia izan da eta neurri batean erreferente bihurtzen ari dira. “Lan Praktikak euskaraz egiteko aukera eta errealitatea dela gizarteratzen ari dira zeharka eta horrek bere indarra dauka, Araban eskaintza handiena ahalbidetzen duen ikastetxea izanik”.

Lazarraga Sarien laugarren edizio honetan nabarmendu nahi izan dute Araban euskararen normalizaziorantz emandako aurrerapausoak, esparru guztietan, eta, batez ere, arlo sozio-ekonomikoan. Etorkizunera begira, bide beretik jo behar dela adierazi dute, elkarlanean, indarrak batuz eta euskaraz bizi eta lan egitea erronka bezala harturik.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate