El Correo

Gasteizek Olagibel arkitektoa omendu du

  • Alkateak ohorezko xafla bat desestali du haren maisu-lanean, Arkupeetan

Alkateak, Udalbatzako beste kide batzuek lagundurik, Justo Antonio de Olagibel arkitekto gasteiztarraren ohorezko xafla bat desestali du gaur eguerdian, Arkupeetako –haren maisulana– sarbideetako batean. Gorka Urtaranek adierazi duenez, “oso harro dago Gasteiz gure herritarren artean Olagibel izateaz, mundu mailan errekonozimendua duen arkitektoa izan zen eta bere lanaz gaur egun ere gozatzen jarraitzen dugu”.

Gaur San Migeleko balkoitik Arkupeetara daraman sarbidean jarritako xafla historiografikoak arkitektoaren alderdi garrantzitsuenak gogorarazten ditu. Olagibelen (1752-1818) aparteko talentua bi lan handirekin lotuta dago: hiriko Plaza Berriaren eraikuntza, lehenengo plaza neoklasikoa eta beste askoren eredua –Donostia eta Bilbokoena, besteak beste– izan zena; eta Arkupeak, non terraza eta plataforma mailakatuak baliatu baitzituen Erdi Aroko hirigunearen eta hiriko zabalgunearen artean zegoen aldapa handiari konponbidea emateko, nazioarteko adituen miresmena sortzen duen konponbidea. Gainera, Euskal Herriko lehenengo arkitekto akademiko titulatua izan zen, eta Gasteizko Marrazketa Eskolako zuzendaria. Haren lanak Europa osoan lortu zuen oihartzuna, eta jarraitzaile ugari izan zituen. Hark egindako beste lan garrantzitsu batzuk Armentiako Santuaren Etxea, Arriagako eta Mataukuko elizetako dorreak eta Eltziegoko San Andres eliza ditugu.

Ekitaldian Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Arabako ordezkaritzako lehendakari Jorge Magán eta batzarreko beste kide batzuk izan dira. Ramón Ruiz Cuevas arkitektoak nabarmendu duenez, “Arkupeak XIX. Mendeko mundu mailako Alde Zahar eta Zabalkunde baten bateratze onena dira”, esan du. Amaieran ohorezko aurreskua dantzatu da.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate