El Correo

Lakuako auzogunean 'Gure auzoa amets' gaia landuko da

  • Auzokoek Telefonicaren eremuko aparkalekurako dituzten proposamenak ere entzungo dituzte Gobernuko ordezkariak

Hiriko auzogune eta elkarguneak hasi dira autonomiaz lanean, eta hiriko arazoak, beharrak eta konponbideak ezagutzeko, horien inguruan hitz egiteko eta erabakiak hartzeko balioko duten gaiak proposatzen dizkiote Gasteizko udalari.

18:30ean, bilduko da Lakuako auzogunea, bertako gizarte etxean, “Gure auzoa amets” gaia lantzeko. Abetxukuko esperientzia auzora ekarri nahi da, non auzoko talde eta pertsonek auzoaren birgaitze integrala (hirigintza, ingurumen eta gizarte alderdietatik) egiteko proposamena aurkeztu baitute. Uribe Nogales auzo-elkartekoak auzogunean izango dira ekimena aurkezteko.

Auzokoek Telefonicaren eremuko aparkalekurako dituzten proposamenak ere entzungo dituzte Gobernuko ordezkariak.

Bestalde, hilaren 24an (osteguna), Adinekoen Elkargunea bilduko da eta Peio Lopez de Munain alkateordeak Araneko geriatrikoaren egoera azalduko du bertan.

Horretaz gain, Elkargunearen metodologiaren eta funtzionamenduaren berri eman eta eztabaidatuko da. Orobat, Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz programari eta Herritartasunerako Eskola Irekiari buruzko informazioa emango da.

Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martinezek parte hartzera animatu du jendea: “Auzogune eta elkarguneak taldeen eta udal ordezkarien arteko elkarrizketarako ardatz izan behar dute, hartara Gasteiz irekiago eta parte-hartzaileago bat eraikitzeaz gain, beharren arteko loturaren bidez, guztion artean Gasteiz hobea eraikitzeko”.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate