El Correo

Gasteizko Udalak 485.000 euro eman ditu aurten merkataritza eta ostalaritza ezarri eta modernizatzen laguntzeko

Gasteizko Udalak txikizkako merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzu pertsonalen alorreko enpresak ezarri eta modernizatzeko 2016an egin dituen bi deialdietan guztira 484.785 euro eman dira. Orotara 46 esku-hartzeren artean banatu da zenbateko hori: erdia saltokien alorrean, 17 ostalaritzan, eta 6 zerbitzu pertsonalen enpresetan.

Iaz bezala, laguntzak banatzeko konkurrentzia-sistema baliatu da, aurkeztutako proiektuei puntuazio-baremoa ezarriz. Oraingoan, ezarritako aurrekontu osoa agortu arte eman dira diru-laguntzak, beraz, ez da inolako murrizketarik egin behar izan. Behar zen puntuazioa lortu duten eskabideen arteko bi geratu dira bete gabe, beste laguntza-ildo batzuetako soberakinak lortu arte.

Laguntzak emateko sistema aldatzeak proiektu bakoitzeko batez besteko zenbatekoa handitzea ahalbidetu du: kopurua bikoiztu egin da merkataritzan (4.486 eurotik 9.547 eurora) eta ostalaritzan (5.128 eurotik 10.869 eurora), eta laukoiztu zerbitzu pertsonalen enpresetan (3.206 eurotik 13.403 eurora). Proiektuak balioesterakoan alderdi hauek hartu dira kontuan: laguntza ekonomikoa jaso zezakeen inbertsioaren zenbatekoa, kokalekua, enpresaren antzinatasuna –ekonomi jarduera bera gauzatzen lokalean daramatzan urteak—, eta merkataritza-sozietateen partaidetzarik ez duten enpresak izatea.

“Laguntzak emateko sisteman egin ditugun hobekuntzek horien benetako helburua betetzea ahalbidetu digute: tokiko ostalaritzaren eta merkataritzaren alde apustu irmoa egiten dutenei laguntzea. Ahalik eta proiektu gehien diruz lagundu ordez, horiek kalitate handiagokoak izatea lortu behar dugu, kalitateko merkataritza, lehiakorra eta inguruko hirietatik bereizia sustatzearren”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Diruz lagundutako proiektuak Gasteizko alderdi hauetan banatzen dira: Zabalguneak, Gasteiz hiribideak, Gorbeia kaleak eta Zaramagak osatutako multzoak 29 laguntza jaso ditu, hau da, % 63. Gainerakoa Erdi Aroko hirigunean (8), Salburua eta Zabalganean (3) eta hiriko beste alderdi batzuetan (6) banatu da.

Merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzu pertsonalen alorreko enpresak ezarri eta modernizatzeko laguntza-ildoak Merkataritza eta Ostalaritza Plan Estrategikoaren barruan sartzen dira. Plan horrek guztira 55 neurri aurreikusi ditu 2022ra arte, sei ildo estrategikotan egituratuta. Aurrekontuan zenbait partida bideratu dira plan horretara, eta jarraipen batzorde bat arduratzen da helburu estrategikoak betetzen diren zaintzeaz. Era berean, Merkataritza eta Ostalaritza Plan Estrategikoa Urtaranen gobernuak 2015-2019 aldirako aurreikusitako Plan Estrategikoaren zatia da, produkzio sektoreei bultzada emateko hainbat konpromisoren barruan.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate