El Correo

MAZOKA marrazki eta ilustrazioaren bigarren edizioa egingo da Montehermoson, jarduera gehiagoz lagunduta

Abenduaren 16, 17 eta 18an, MAZOKA marrazki eta ilustrazioaren azokaren bigarren edizioa egingo da Montehermoso kulturunean, garai bateko ur-biltegian; jarduera-programa iazkoa baino zabalagoa izango da. Kontzertu eta familientzako lantegiez gain ekimen berriak sortu dira, esaterako, mazokalarien sorkuntzen zozketa, eta Ilustrazioaren lehen Jardunaldi Profesionalak. Lehen edizioko publiko-arrakasta –ia 3.000 pertsona– gainditzea da asmoa.

IlustrApados en Araba elkarteak antolatzen duen jaialdi grafiko eta ikusizko horren ardatz nagusia erakustaldia da; sarbidea doakoa izango da, eta egileak berak arduratuko dira erakusteaz. Erakusketa bisitatzen duenak prezio onean aurkitu ahal izango ditu 40 ilustratzaile, marrazkilari eta ikusizko artisten lanak. Sortzaile hasi berriak zein egile ospetsuak daude tartean, bertakoak gehienak. Ilustrazioaren profesionalentzat zein zaleentzat Gasteiz estatu mailan erreferentzia bihurtzea da helburua, bai eta horretan interesa duten erakunde edo enpresentzat ere.

“MAZOKAk Gasteizko kultur programazioan duen balio zalantzaezinaz gain, honelako ekimen batek sorkuntzarekin lotutako industriak sustatzeko duen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Marrazkigintzan eta ilustrazioan profesionalki ari direnek, edo horretarako ikasten ari direnek, sektore gaztea osatzen dute, hirian balioa sortzen eta talentua atxikitzen duena. Hori dela eta, azoka hau aukera paregabea da gure artista, marrazkilari eta ilustratzaileen aldeko apustua egiteko”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak ilustrazioaren eta marrazkiaren azokaren bigarren edizioaren aurkezpenean; harekin batera izan dira IlustrApados en Araba elkarteko zenbait kide: Marta C. Dehesa, Mikel Escalera, Alex F. eta Ángel Remírez de Ganuza.

MAZOKAren barruan marrazketarekin eta ilustrazioarekin lotutako jarduera paraleloak egingo dira: familientzako lantegiak, zuzeneko erretratuak (“Ilustramatón”) eta musika emanaldiak. Umeentzako eremu bat ere egokituko da, txikiek (eta nagusiek) marraztu dezaten. Amaitzeko, mazokalarien ilustrazioak eta marrazkiak zozketatuko dira.

Azokaren aurretik, abenduaren 14 eta 15ean, bi ilustrazio erakusketa inauguratuko dira, eta Ilustrazioaren lehen Jardunaldi Profesionalak.egingo dira, zeinetan Ilustrazioaren Sari Nazional baten irabazlea arituko baita. Orobat, profesionalentzako lantegi bat izango da, bai eta sektorean ospetsuak direnen hitzaldiak eta maisu eskolak.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate