El Correo

Patxi Zubizarretak eta Koro Navarrok irabazi dituzte egindako itzulpenik hoberenentzako “Vitoria-Gasteiz” sariak

Dagoeneko ebatzi da nortzuk diren 2016ko irabazleak haur eta gazte literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpenik hoberenentzako “Vitoria-Gasteiz” sarietan. Aurten 16 lan aurkeztu dira lehenengo kategorian, eta hiru bigarrenean; orotara, aurreko urtean baino bi gehiago.

Haur literaturaren kategorian Patxi Zubizarreta Dorronsoro izan da irabazlea, Pablo Zapataren ‘Los caballos del Dalai Lama’ lanaren itzulpenagatik: ‘Dalai Lamaren zaldiak’; 9.000 euro jasoko ditu. Gazte literaturaren alorrean, Koro Navarro Etxeberria gertatu da irabazle, Edgar Allan Poeren ‘The black cat and other writtings’ lanaren itzulpenagatik: ‘Katu beltza eta izumenezko beste ipuin batzuk’. Sari horrek ere 9.000 euroko diru-zuzkidura du.

Gorka Urtaran alkateak itzultzaile profesionalek euskarazko literaturari egiten dioten ekarpena aitortu nahi izan du. “Patxi eta Koro bezalako profesionalei esker nazioarteko literaturako lanik onenak gure hizkuntzan, euskaraz, gozatzeko aukera dugu. Gure hizkuntzan bizitzea errazten digute”, azpimarratu du. Sariak abenduaren 2an banatuko dira, Oihaneder Euskararen Etxean.

Euskararentzako laguntzak

Bestetik, Urtaranen gobernuak hitzarmen bat sinatuko du Arabako Merkataritza eta Industria Ganberarekin, hiriko dendariei euskara ikasteko diru-laguntzak emateko. Gaur Tokiko Gobernu Batzarrak onetsitako hitzarmen horren bidez, Gasteizko Udalak 10.000 euro inbertituko ditu merkatariek euskara ikasterik izan dezaten. 2015-2016 ikasturtean, 61 pertsona baliatu ziren beka horietaz. Ikasleek matrikularen % 25 ordaindu ahal izan zuten hitzarmenari esker.

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren arabera, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen alorra lehentasunezkotzat eta estrategikotzat jotzen dira gure hirian euskararen normalizazioa lortzeko. Besteak beste, alor horietako eragileek hizkuntza ikas dezaten sustatzeko ekintzak eta bezeroekiko harremanetan euskararen erabilera handitzeko hizkuntza zerbitzuak eskaintzen dira.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate