El Correo

Gasteizko, Laudioko eta Guardiako enplegu anezkak elkartu dira, lana eta helburuak partekatzeko

  • 60 parte-hartzaileek ekintzak bateratu eta datozen hilabeteetarako erronkak ezarri dituzte

Gasteiz, Laudio eta Guardiako enplegu anezkek topaketa egin dute Arabako hiriburuan, zerbitzu eman duten lehenengo hilabetean egindako lana bateratzeko, helburu profesionalak berriz zehaztu, harremanak egin eta enplegua lortzeari begira. Talde horiek osatzen dituzten 60 langabetuek datorren lauhilekorako jardueren programa eta jomugak ere ezarri dituzte.

Hiru enplegu anezkak urriaren 13an jarri ziren abian, Arabako Foru Aldundiaren Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Sailak eta Santa Maria la Real fundazioak izenpetutako lankidetza hitzarmenari esker. Lurralde historikoko eskualderik behartsuenetan langabeziari aurre egiteko Arabako Foru Aldundiak daukan programaren barruan dago proiektu hori, eta Telefonica fundazioak ere parte hartzen du bertan.

Koordinatzaileen eta hiru anezketan parte hartzen duten 60 lagunen arteko topaketa Gasteizko Artium museoan egin da. Cristina González Arabako Foru Aldundiaren Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko diputatuak, Matías Figueroa Telefonica fundazioaren enplegagarritasun programen arduradunak eta Soraya de las Sías Santa Maria la Real fundazioko enplegu anezken komunikazio arduradunak inauguratu dute ekitaldia.

Gonzalezek eskerrak eman dizkie lanpostu bat aurkitzeko talde horietan parte hartzen duten arabar langabetuei, izan duten inplikazio eta konpromiso aktiboagatik, eta horretan jarraitzera animatu ditu; izan ere, “enplegu anezkak emaitza onak ari dira izaten diharduten eremuetan: batez beste % 60ko enplegagarritasun tasa, eta kontratazio egonkortasunaren indizea biztanleria osoarena baino bost puntu handiagoa”.

“Oso lan ona ari zarete egiten zeuen burua ikusgarriago egiteko, harreman sareak sortzeko, enpresetara bisitak egiteko eta batak besteari lana bilatzen laguntzeko, eta uste osoa dut emaitzak lortuko dituzuela”, adierazi du.

Begoña Guzmanek, Mar Tablaresek eta Carolina Sanchezek, hurrenez hurren Gasteizko, Laudioko eta Guardiako anezkak koordinatzen dituzten teknikariek, azaldu dutenez, gaurko topaketak aukera emango die hiru taldeei elkar ezagutzeko eta lana bilatzeari loturiko esperientziak partekatzeko; hain zuzen ere, esperientzia horietan murgilduta izango dira datozen lau hilabeteetan ere, tresna berriak ezagutzeko, gaitasunak sendotzeko eta enpresek dituzten beharretara egokitzeko.

Inaugurazioan De las Siasek xehetasunez azaldu duenez, “Enplegu anezkaren lehenengo fasea ondo egin da. Hemendik aurrera, taldeek, sail edo proiektuka banatuta, beste etapa bat izango dute aurrean, zeinetan oso ondo antolatu beharko diren, lan bilaketa kolektiboa, bereizgarria eta proaktiboa izan dadin: lan elkarrizketetan trebatu, enplegagarritasun mapak egin, enpresetara bisitak egin, ekitaldi profesionalak antolatu agerikoago bihur daitezen, harreman sareak zabaldu eta aukera guztiak aprobetxatu beharko dituzte”.

Bestalde, Matías Figueroa Telefonica fundazioaren enplegagarritasun programen arduradunak nabarmendu duenez, funtzionatzeko era eta metodologia horrekin, enplegu anezkak enplegu politika aktiboaren eredu on bihurtu dira.

“Aurreko urteetan gauzatutako anezkek gizartean izan duten eragina ebaluatu dugu, eta oso emaitza onak eman dizkigu. Zifra onak lortu ditugu, batez beste % 60ko laneratzea, esate baterako, baina ez hori bakarrik; emaitza kualitatiboak ere onak izan dira, hainbat alderdi ikusita: programan parte hartu dutenen gogobetetzea, hartzen duten konfiantza, eskuratzen dituzten tresnak, eta taldean eta era solidarioan lortzen duten prestakuntza lana aurkitzeko edo lana bilatzeko prozesuan trebatuago egoteko”.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate