El Correo

Gutxienez 4.500 luminariatan esku hartuta Udalak 200.000 aurreztuko ditu

Gorka Urtaran alkateak azaldu duenez, azken bi urteetan argiteria publikoan energia-eraginkortasuna lortzeko hartu diren neurriei esker, Udalak 200.000 euro aurreztuko ditu argiteriari dagokion aurtengo energia fakturan. 2015ean 3,8 milioi euro ordaindu zituen Udalak kontzeptu horretan; 2016an, berriz, gastua 3,6 miloikoa izatea aurreikusi da. Urrutirago joanda, 2013an 4,3 milioi ordaindu ziren espazio publikoa argiztatzeko. Izan ere, led teknologia instalatzeak, zeuden lanparen ordez potentzia txikiagokoak jartzeak eta kaleko luminarien kopurua optimizatzeak kontsumoa jaitsiarazi dute eta, beraz, bai eta udal kontuetan duen inpaktu ekonomikoa ere.

Argiteria publikoa modu iraunkor eta eraginkorrean kudeatzeko proiektuaren ildotik Espazio Publikoaren Saila jarraitzen ari den estrategia alderdi hauetan oinarritzen da:

- Ohiko lanparen ordez potentzia txikiagoa eta argiztapen eraginkortasun handiagoa dutenak jartzea, batez ere luminaria esferikoetan (“bolak”). Luminaria horiek eraginkortasun txikia dute, eta argi-kutsadura handia sortzen dute, ematen duten argiaren zati bat zerurantz doalarik horrek energia xahutzea baitakar.

- LED teknologiako luminariak instalatzea, gaur egun ohiko lanparak baino eraginkorragoak baitira: energia-kontsumoa gutxitzea ahalbidetzen dute, eta kaleetan argitasun maila uniformeagoak lortzea, argiteria publikoaren energia-eraginkortasunaren araudiak ezarri bezala. Gainera, orain arte zeuden argiek eragiten zuten itsutzea eta argi-kutsadura ekiditen dira.

- Luminaria kopurua optimizatzea gehiegi argiztatuta zeuden sektore berrietan (Salburua eta Zabalgana). Inguru horietan luminariak kendu ala horietako batzuk itzali behar diren aztertzen da. Izan ere, argiteria instalazioak gaindimentsionatuta daude farolen kopuruari dagokionez, eta instalatutako potentzia osoa handiagoa da hiriko gainerako alderdietan baino. Horrek energia eta dirua xahutzea dakar, eta argi-kutsadura handiagoa. Besteak beste, azken hilabeteetan luminariak kendu dira espaloi berean bi farola lerro zeuden kaleetan eta gehiegi argiztatuta zeuden bidegorrietan.

Orotara, hiri osoko 4.500 luminariatan egin dira aldaketak

“Hiria modernizatze aldera ari gara lanean, Gasteiz hiri berde eta adimentsua bihurtzeko hainbat arlotan. Argiteria publikoa modu iraunkor eta eraginkorrean kudeatzeko proiektuak kostuak aurreztea eta argi-kutsadura nabarmen gutxitzea ahalbidetzen du“, azpimarratu du Gorka Urtaran alkateak. “Eraginkortasunerako jardueren helburua da argiteria publikoaren elektrizitate kontsumoa murriztea, led teknologia baliatuz, ohiko lanparak baino eraginkorragoa baita. Lanpara horiek energia-kontsumoa gutxitzea ahalbidetzen dute, eta kaleak hobeto eta modu uniformeagoan argitzea. Gainera, lehengo argiek orain arte eragindako itsutze eta argi-kutsadura desagertuko dira”.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate