El Correo

Demokrazia Zuzen Modernoari buruzko Foro Globalean Gasteizko partaidetza-eredua azaldu dute

  • Donostian egiten ari da aurten aipatutako foroa, “Kultura politikoa, tokiko partaidetzatik elkarbizitza globalera” izenburuarekin.

Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínezek, saileko zuzendari José Luis Pérez Kotelok eta Zerbitzuko buru Juan Carlos Alonsok Demokrazia Zuzen Modernoari buruzko Foro Globalean (Global Forum on Modern Direct Democracy) hartu dute parte. Donostian egiten ari da aurten aipatutako foroa, “Kultura politikoa, tokiko partaidetzatik elkarbizitza globalera” izenburuarekin.

Foro Globala nazioarteko biltzarra da, bi urtean behin munduko hiri batean egin ohi dena. Azken biltzarrak San Frantziskon eta Tunisen izan ziren, eta aurten Donostia aukeratu dute, Europako kultur hiriburua dela eta. Antolatzaileek Gasteiz gonbidatu zuten, alorrean espezializatutako nazioarteko publiko baten aurrean gure partaidetza-eredua azal zezan.

Partaidetzako zuzendari José Luis Pérez Kotelok “ Donostia eta Vitoria-Gasteiz hiriek zuzeneko demokrazian eginiko ibilbidea” izeneko lantegi teknikoan hartu du parte, eta bertan gure udalean Herritarren Partaidetzaren Saila sortu zenetik herritarrei kontsultak egiteko prozesuraino jorratutako bidea azaldu du. Besteak beste, partaidetzari buruzko araua, kontsulten araudia, herritarren ahalduntzea, arauen aplikazioa eta gauzatzea, erantzukidetasuna eta elkarteen mugimenduarekin baterako kudeaketa aipatu ditu.

Isabel Martínez zinegotzia zenbait hitzalditan izan da, nazioarteko beste esperientzia batzuez ikasteko, eta parte hartzaileetako batzuekin bildu da, Gasteizko partaidetza-eredua oro har zertan den azaltzeko: aurrekontu parte hartzaileak, auzogune eta elkarguneak, eta Herritartasunerako Eskola.

Gainera, Partaidetza Zerbitzuko buru Juan Carlos Alonso moderatzaile aritu da “Hiri demokratikoa: tokiko partaidetzaren historia” mahai-inguruan, zeinean Maria Vassilakou (Austria), Grayce Liu (AEB), Rabea Willers (Frantzia) eta Duñike Agirrezabalaga (Donostia) mintzatu baitira.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate