El Correo

Aldundiak Arabako Hondakinen Prebentziorako Astea aurkeztu du

  • Adin guztietako jendearentzako lantegiak Gasteizen, Guardian, Agurainen, Murgian, Rivabellosan, Santikurutze Kanpezun eta Amurrion; horiexek izango dira azaroaren 19tik 26ra bitartean egingo den kanpainako agendaren ardatz

Arabako Foru Aldundiak bat egin du Hondakinen Prebentziorako Europako Astearekin, zeinak, ‘Ontzi gutxiago dituzten produktuak erosi’ goiburupean, xede baitu “herritarrak sentsibilizatzea ontzi gehiegi erabiltzearen aurrean, egunerokotasunean egiten dugun ontzien eta bilgarrien gehiegizko kontsumoaren aurrean”; halaxe nabarmendu du Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko diputatuak, edizio honen programazioaren aurkezpenean. Hain zuzen ere, “kontzientziak astintzea” da edizio honen helburua.

Jakien ontziak lorategi edo baratzerako tresna bihurtzeko lantegiak, ur dastatzeak eta sukaldean zero hondakin sortzeko hitzaldiak; horiek dira datorren larunbatetik azaroaren 26ra bitartean Arabako Lurralde Historikoan zehar ibiliko diren proposamen ludikoetako batzuk. Eskola ume, nerabe eta helduentzat izango dira proposamen horiek, zeinek xede izango baitute arabarrak hondakin gutxiago kontsumitzeak duen garrantziaz eta hondakinek ingurumenean dituzten ondorioez kontzientziatzea.

Horren harira Galerak azaldu duenez, “Lantegiak eta hitzaldiak praktikoak izatea nahi dugu, mezua ez dadin salaketa hutsa izan; aitzitik, ahalbidetu diezaguten ohiturak aldatzea eta egunerokotasunean kontsumo arduratsurako jarraibide berriak sartzea”.

Antzerkia eta musika kalean, eta arte garaikideko instalazioa Arabako Hondakinen Prebentziorako Europako Astea datorren larunbatean inauguratuko da, 11:00etatik 14:00etara, Gasteizko Probintzia plazan. Egunari hasiera emateko, hainbat jarduera izango dira haur, gazte eta helduentzat, eta ‘Rezikletas’ kontzertuak emango dio amaiera; Arabako Turukutupa konpainiak ikus-entzuleak txundituta utziko ditu antzerki, musika eta perkusio ikuskizun horrekin, zeina objektu berrerabiliak eta tresna bihurtuak erabiliz sortu baitute.

Halaber, kanpainaren goiburua indartzeko, Residuos Creativos kolektiboko kide eta bertako artista Jose Bellido, Carlos Lalastra eta Victor García de La Torrek arte garaikideko instalazio bat sortu dute, ‘STOP’ izenburua duena eta Probintzia plazan itsasontzi bat jitoan eta hondoa jota erakusten duena, zeinaren bidez, argi eta soinuzko muntaketa lagun, gogorarazi nahi izan baitute zein garrantzitsua den gure egunerokotasunean ontzien kontsumoa murriztea. Izan ere, Arabako Lurralde Historikoan urtean 5 milioi kilo hondakin baino gehiago sortzen dira plastikozko ontzietan bakarrik.

“Obra berritzailea da, eta ez du inor epel utziko”; hori da Galerak aurreratu duena, baina ez du esku hartze artistikoari buruzko xehetasun gehiago eman nahi izan, herritarrak hurbildu eta tokian bertan ikustera animatu daitezen.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate