El Correo

Aldundia eta Gotzaindegia aurrera doaz 2016rako aurreikusitako jarduerekin

  • Euskara, Kultura eta Kirol Saila eta Gasteizko eliz barrutia ondasun higigarri eta higiezinen hamaika proiektutan ari dira elkarlanean aurten

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Gotzaindegiak lurraldeko kultura ondareari eusten jarraituko dute. Bi erakundeek hamaika ekintzari ekin diote 2016an zehar zenbait ondasun higigarri eta higiezinetan Arabako toki erakundeetan; izan ere, urtero izenpetu eta orain ere berritu duten hitzarmenaren helburu baitira.

Euskara, Kultura eta Kirol Saileko eta Gotzaindegiko kideek osatutako batzorde misto batean hau egitea erabaki zen: Arangizko Done Petri Apostoluaren elizari buruzko gauzatze proiektua idaztea, azterlan eta kontrol arkeologikoa egitea eta zaharberritzeko obrei ekitea; Mezkiako (Donemiliaga) Jasokundeko Andra Mariaren eliza zaharberritzeko proiektua idaztea; eta Morillasko (Erriberagoitia) Done Petriren eliza zaharberritzeko proiektua idaztea.

Halaber, hitzarmenean zenbait ekintza jasotzen dira lurraldeko ondasun higigarriei dagokienez, hala nola Bilarko Erroke Deunaren eta Arrosarioko Ama Birjinaren eskulturak zaharberritzea, elizak jasan zuen sutea eta gero; abuztuan entregatu ziren herriko parrokian. Erentxungo Andra Mariren irudian ere esku hartu da, erabat zaharberritu eta dagoeneko ohiko lekuan dagoena; gainera, Elorriagako Arrosarioko Ama Birjina, astebete eskas itzuli zena, eta Bujandako Arrosarioko Ama Birjina eta San Faustoren zilarrezko erlikia ontzia zaharberritu dira: lehena, amaituta dago baina ez da itzuliko bere herrira harik eta bigarrenaren lanak amaitu arte, Zaharberritze Zerbitzuan baitago azken hau Erroke Deunarenarekin batera Pagoetan.

Dagoeneko eginda dauden eta aldundiaren egoitzetan egiten ari diren lan horiez gain, bada beste bat in situ zaharberritzen ari dena. Albeizko Done Joan Bataiatzailearen erretaula, hain zuzen. 2016an lehen fasea burutu da (lan gehienak) eta bigarren eta azken faseari 2017an ekingo zaio. Albeizko Done Joan Bataiatzailearen parrokiako erretaula nagusia Gasteizko eliz barrutiko multzo errenazentistarik onenetako bat da. 1550 inguruan datatuta, Pierres Picart zizelkari frantsesak eta Oñatiko lantegiak egin zuten.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate