El Correo

Arabako Foru Aldundiak kuadrilletan emakumeen eta gizonen berdintasun egiturak sortzea bultzatu du

  • Horretarako 200.000 euro bideratuko dira eta Arabako kuadrillen artean banatuko dira

Diputatu Kontseiluak onartu du dirulaguntzak ematea emakumeen eta gizonen berdintasun egiturak sortzeko lurraldeko kuadrilletan, eta egitura horiek sortzeko teknikari bat kontratatu da, berdintasunaren aldeko politikak gauzatuko dituena. Horretarako 200.000 euro bideratuko dira eta Arabako kuadrillen artean banatuko dira, salbu eta Gasteizko Kuadrillaren kasuan, guzti hau aurrekontu hitzarmenaren ondorioz.

Arabako Foru Aldundia, emakumeen eta gizonen benetako berdintasunaren alde egiteko bere politikan, Berdintasunerako IV. Foru Plana lantzen ari da, zeina emakumeen eta gizonen berdintasunerako foru politika publikoaren oinarria izango baita datozen lau urteetan, eta zeinari esker besteak beste berdintasun egiturak msortuko baitira Arabako kuadrilletan.

Foru erakundearen iritziz Arabako Lurralde Historikoko errealitate soziodemografikoan honako hauek oztopoa izan dira berdintasun politikak garatzeko lurraldeko udalerri eta kuadrilletan: lurraldea barreiatuta egotea, udalerri gehienetan 5.000 biztanle baino gutxiago egotea, langile gaiturik ez izatea eta berdintasunak presentzia txikia izatea agenda politikoen lehentasunetan.

Hartara, dirulaguntzak eman nahi dira berdintasun teknikariak kontratatzeko, eta haien xedea izango da beren lurralde eremuko berdintasun politikak sustatu, programatu, haien gaineko aholkularitza eman eta ebaluatzea. Berariazko xedeak ere izango dituzte, hara: genero ikuspegia txertatzen laguntzea, herritarrak sentsibilizaraztea, lan bizitza eta familia bizitza bateragarri egiteko baliabideak eta zerbitzuak proposatzea, diskriminazio egoerak antzeman eta haiek desagerrarazteko neurriak diseinatzea, eta berdintasun arloan eskumena daukaten erakundeekin, batez ere Emakunderekin, elkarrizketak izatea.

Arabako Foru Aldundiak, berdintasun unitateak finantzatzen laguntzeaz gain, haien funtzionamendua koordinatuko du eta zerbitzu hori behar bezala funtzionarazteko beharrezkoa den informazioa, laguntza teknikoa eta aholkularitza emango du.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate